Esnal eta Oiagak binakako pelota txapelketa hasi dute

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 13a, 03:00

Oiaga eta Esnal Hernaniko pelotari profesionalek asteburu honetan hasi dute Eskuzko Pelota Liga barruan binakako txapelketa. Liga honetan, Botibolea, Ordago edo Garfe bezalako enpresak hartzen dute parte. Oiagak atzo zuen jokatzekoa lehen partidua Amurrion, Prado-rekin batera Iriarte-Nicolas-en kontra (erredakzio hau itxitakoan ez zegoen emaitzaren berririk). Esnalek berriz, astelehenean jokatuko du Lantziegon, Aldazabal IV lagun duela, Urionaguena-Jaio-ren kontra, 18:30etatik aurrera.

GRAVN sariko finalak
Bestalde, trinketeko GRAVN sariko finalak izango dira asteburu honetan Gaskan, eta bertan hiru hernaniar izango dira Gipuzkoa ordezkatzen: paleta goman, jubenil mailan Eluxka Arrondo arituko dira eta nagusietan Goiatz Manzisidor; eskuz banaka, nagusietan Unai Alvarez. Horretaz gain, gaur arratsaldean, Hernaniko Eskolarteko txapelketa izango da kiroldegian eta 20 bikotek hartuko dute parte bertan. Astelehenean ere izango da partidurik Hernanin, San Isidro eguna dela-eta. Tilosetan jokatuko dute: Mendizabal-Ruiz de Larramendi/Espinar-Sarasola; eta Alvarez-San Sebastian/Gaskon-Gorrotxategi. 11:30etan hasita.

Emakumezkoen gomazko pala txapelketa
III. Euskal Herriko emakumezkoen gomazko pala txapelketan, emaitzak onak lortu zituzten hernaniarrek joan den astean, Zubietan; bost partidutatik hiru irabazi zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!