OSTEGUNEAN hasiko da 20garren Txalaparta Festa. Zenbaki borobila aprobetxatuta, 20 urte hauetan txalapartaren inguruan antolatu diren ekintza ezberdinen inguruko errepasoa egingo dute ikus-entzuneko baten bidez. Juan Mari Beltran eta Kepa Ugarte ere bertan izango dira hizketan. Emanaldia ostegunean izango da, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean.
Euskal Herriko joera gehienak bildu dira festetan
Musika Eskolako Txalaparta gelan topatu dugu Juan Mari Beltran, Hernaniko Musika Eskolako Ttakun Ttan Ttakun taldeko beste kideekin batean. 20 urte hauetan txalapartaren inguruan antolatu diren ekintza ezberdinei buruz galdetuta, ohartu gara txalapartak zenbateraino ematen duen. Beltranek azaldutakoaren arabera, Euskal Herrian txalapartaren inguruan izan diren joera gehienak jaso dira aurreko txalaparta festetan. Iaz esaterako, txotxongiloak jarri zituzten txalaparta jotzen. Jazz musika jotzeko ere erabili dute txalaparta. Tabla indiarrak, kaja flamenkoa, darbuka eta djembeekin ere jo izan da txalaparta, jaialdiren batean. Antzerkia eta mota ezberdinetako dantzekin uztartu dute txalaparta, bai euskal dantzekin eta baita dantza garaikidearekin ere. Ipuin kontalari baten istorioak girotzeko erabili zen behin txalaparta, baita poesia errezitaldietarako ere. Aipatzekoa da baita ere, gero eta arrakasta haundiagoa lortzen ari den Txalaparta Party Aparta: urteroko zita bihurtu dena, musika elektronikoa, txalaparta eta zuzeneko beste hainbat instrumenturekin uztartuta, festarako giroa jarri duena. Txalaparta, bere hutsean ere entzun ahal izan dugu Txalaparta Festetan, Txalaparta erromerian eta baita azkeneko eguneko Txalaparta Jaialdi Nagusian ere: askorako ematen badu ere, ezin baita ahaztu txalapartaren funtsa.
Txalaparta festa eskolarekin batean sortu zen
Txalaparta Festa Hernaniko Musika Eskola sortzearekin lotuta dagoela ere azaldu digu Juan Mari Beltranek. 1985-1986 ikasturtean jarri zuen Udalak eskola eta Txalaparta Eskola sortu zen Musika Eskola barruan. Txalaparta Eskola hasieratik hasi zen txalaparta klaseetaz aparte beste hainbat ekimen bultzatzen. Eskolaren bigarren ikasturtean (1986-1987) ikasle eta irakasleek aurreneko Txalaparta Festa antolatu zuten eta geroztik urtez urte, hutsik egin gabe, jarraitu dute festa antolatzen. Hernanikoa aurreneko txalaparta eskola iraunkorra Hernaniko Musika Eskolak bere garrantzia izan du Txalaparta batera eta bestera zabaltzerako garaian. Izan ere, Euskal Herriko aurreneko txalaparta eskola iraunkorra izan dela esan daiteke. Hau da, ikasturte osoan eta etenik gabe aurrera segi duena. Honek ekarri du Hernaniko eskolatik ateratako txalapartariek beste hainbat herritan mota eta neurri ezberdinetako ikastaroak ematea. Honela musika eskolan bertan landutakoa, Euskal Herriko beste hainbat herrietara zabaldu da eta txalaparta talde berriak sortu dira.
20garren Txalaparta Festako egitaraua
Maiatzak 18, osteguna
-20 Txalaparta Festen ekarpena,
hitzaldi irudi emanaldia. Juan Mari Beltran
eta Kepa Ugartek 20 urte hauetan txalaparta
festan landu denari buruz hitz egingo dute. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin.
Maiatzak 19, ostirala
-Ttakunpa taldearen eskutik txalaparta
emanaldia. Afrika, Kuba eta Andaluziako
erritmoak landuko dituzte txalaparta oinarri
hartuta. Dantza afrikarrek lagunduko dute
emanaldia. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin.
-Txalaparta Party Aparta. Txalaparta eta disko emanaldia. Gaueko 00:00etan, Atxur tabernan.
Maiatzak 20, larunbata
-Tailerra. Txalaparta klaseetarako prestatutako programa informatikoaren aurkezpena. Juan Mari Beltran eta Andres Doñateren eskutik. Goizeko 11:00etan, Hernani Musika Eskolan.
-Txalaparta erromeria. Txalaparta saio libreak eta sagardo probatzea. Hernaniko Musika Eskolako alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeak kale bueltan. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Tilosetan.
-Herri afaria. Gaueko 21:00etan, Tilosetan. Segidan, Txalaparta Jaialdi Nagusia. Parte hartuko dute: Hernaniko Bertso Eskolak, zuaznabartarrak eta goikoetxeatarrak, Donapaleu eta Baigorriko txalapartariek (Iparralde), Zugarramurdi Sestaoko txalaparta eskolako kideek (Bizkaia), UTT Uharteko Txalaparta tailerreko kideek (Nafarroa), Arabako txalapartariek, Irungo txalapartariak eta Hernani Eskolako Ttakun Ttan Ttakun txalaparta taldeak.
Txalaparta festa gunean txalaparta merkatu txikia ere egongo da.
(Euria ari badu larunbateko ekitaldi guztiak Atsegindegin egingo dira).