Gazte txabolatik Gaztetxera

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 13a, 03:00

GAZTE ASANBLADAK antolatuta, Gaztetxeak eta autogestioa hitzaldia izan zen ostegunean, Paradorean eraiki duten Gazte txabolan. Bertan, Iruñea eta Andoaingo Gaztetxeen esperientzia azaldu zuten herri horietatik etorritako bi lagunek, eta horretaz gain, Hernanin Gaztetxe berri bat sortzeko aukera aztertu zuten, 30 gazte inguruk.

Gaztetxe baten beharra
Bertan bildutako guztiek herrian Gaztetxe baten beharra dagoela azaldu zuten: ´bilerak eta aktibitateak egiteko ez daukagu leku egokirik` zioen batek, ´badaude lokalak, eta koadrilek badituzte beren txokoak, baina Gaztetxeak denentzako izan behar du, bilgune bat` zen beste lagun baten iritzia. Horretaz gain, bileran esan zenez, lehenik eta behin ikusi behar da Hernanin gazteak nola dauden antolatuta: ´bakoitza bere aldetik dijoa eta saiatu behar dugu talde ezberdinak erakartzen`, esan zuten. Gaztetxe berriaren kokapenaz ez zuten ezer zehaztu. Denek argi zuten ez dela erraza izango, ´aurreko okupazio esperientzia batzuk ikusita`. Hala ere, Iruñeako kideak beldurrik ez dela izan behar azaldu zuen: ´Gure kasuan beldurra erabili zuten arma bezala; 36 lagun atxilotu zituzten, baina gero ez zitzaien ezer pasa` zioen.

‘Gazte txabolatik’ hasi
Osteguneko bileran ateratako ondorioetako bat izan zen Gazte txabola-tik hasi behar dela Gaztetxea sortzen: ´Txabola erabili egin behar da, gauzak antolatu, orain eguraldi ona dator eta. Ibiltzen hasten bagara, jendea erakarriko dugu` zioen batek baino gehiagok. Horren haritik, herriko gazte guztiak animatu zituzten ekintzetan parte hartu eta proposamenak egitera. Datorren ostegunean, hilak 18, berriz ere bilduko dira, 20:00etan; San Joanak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!