Medikuntza orokorreko eta pediatriako 60 sendagile eta erizain euskera ikastaroetan ari dira, Hernaniko udal euskaltegian, eta beste hiru euskaltegietan (Debalden, Ulibarrin eta Udaberrian). Euskeraz maila bat duen jendeari zuzendutako ikastaroa da eta beren lanerako behar dituzten hizkuntza bitartekoak ematea du helburua. Ikastaroak 5 astekoak dira, 30 ordukoak: 20 ordu on-line egin behar dituzte, bakoitzak bere ordenadoretik eta beste 10 ordu dira aurrez aurreko klaseak. Hernaniko kasuan, 12 bat profesional ari dira on line klaseak hartzen eta 15 bat etortzen dira aurrez aurreko klaseetara (on-line 4 euskaltegietan ari direnak gertueneko euskaltegira joaten dira aurrez aurreko klaseetara).
Adibide praktikoak
Ikastaroak 5 unitate ditu eta gai guztiak medikuntzarekin lotuak dira. Gramatika, lexikoa eta medikuntzarekin lotura duten gaiak lantzeaz gain, material praktikoa erabiltzen du ikastaroak, profesionalek eguneroko lanean erabili lezaketen materiala. Horrez gain, dudarik dutenean non kontsultatu lezaketen eta bestelako adibide baliagarriak ere azaltzen dira.
Hoztasuna saihestu
Ordenadore bidez nork bere lanak egitea hotza izan liteke eta hori neurri batean saihesteko, talde izaera ematen zaio egiten den lanari. Ikasle bakoitzak tutore bat du eta talde lanean egiteko zenbait ariketa badira. Horrez gain, aurrez aurreko klaseak daude, ezer baino gehiago, mintza praktika lantzeko, ikasleek hitz egiteko.
Nazabal eta Arbelaitz sortzaile
Jokin Nazabal eta Joseba Arbelaitz dira ikastaroetako material guztiaren sortzaile. HABEk deialdi bat egin zuen 2004an, profesionalentzako on-line ikastaroak sortzeko, eta bertan aurkeztu zuten beren proiektua. Proiektu hori izan zen puntuaziorik gehien lortu zuena gainera, baina, gehiago ere atera ziren aurrera, beste sektore batzuetakoak. Onartutako proiektuak %70ean lagundu ditu HABEk diruz eta Hernaniko Udala izan da gainerako %30 jarri duena. Zerk eraginda animatu ziren galdetu diegu Udal euskaltegiko bi kideei eta nabarmendu dute lehenago ere bazutela osasun arloko profesionalentzat material bat sortua eta neurri batean horrek animatu zituela material hau prestatzera. Administrazioak kudeatua Udalak diruz lagundu duenez, programa Udalarena da eta administrazioak kudeatzen du. Udal euskaltegiari administrazioak esaten dio noiz izango diren klaseak eta administrazioko langileei zuzenduak izaten dira. Oraingo ikastaroaz gain, azaroan ere bada beste bat Hernanin eta oraindik berri zehatzik ez badute ere, urtean hiru bat ikastaro izan litezkeela uste dute bi irakasleek.