Istripua izan zen atzo goizean, Lastaolako Cintas adhesibas Ubis enpresan eta bost zauritu eragin zituen; horietako bi larriak. JA.Z.D. eta A.G.G. Sopela eta Barakaldokoa dira larri zauritutako bi langileak, 50 eta 60 urtekoak. Hasiera batean Donostiako Ospitaleko Zaintza Berezietan sartu zituzten biak, baina, sopelarra, bietan okerren zegoena, Gurutzetako Ospitaleko Erreduren Sailera eraman zuten geroago, gorputzaren %75ean erredurak zituela. Atzo bertan jakitera eman zutenez, larri zegoen langilea, baina ez zeukan bizia arriskuan. Beste hiru zaurituetatik batek, J.B.L 57 urteko donostiarrak, erdi mailako erredurak zituen eta Donostiako Ospitalera eraman zuten. Beste biei, JM.G.S. 26 urteko zumaiarrari eta G.Z.O. 23 urteko lizartzarrari, atzo bertan eman zioten alta. Bost langileak Ubisi Ingeniaritza lanak egiten dizkion Idom enpresakoak dira.
Erreakzio kimikoa
Dirudienez, hexanoa berreskuratzeko tankeetako batek isuria izan zuen eta erreakzio baten ondorioz gertatu zen leherketa. Ubis enpresako Zuzendari teknikoak hala azaldu zuen atzo bertan, oraindik ezer garbirik ez zegoela nabarmendu bazuen ere. Ertzaintza, suhiltzaileak, ingurugiro teknikariak, Osalaneko arduradunak, eta Udal arduradunak izan ziren atzo istripuaren lekuan.
Zaurituen egoera atzo
-JA.Z.D. 50 urteko sopelarra:
Larri zauritua. Hasiera batean Donostiako Ospitalera eraman zuten, baina, gorputzaren %75ean erredurak zituen eta Gurutzetako Erreduren Sailera eraman zuten.
-A.G.G. 60 urteko barakaldarra: Larri zauritua, Donostiako Ospitaleko Zaintza Berezietara eraman zuten.
- J.B.L 57 urteko donostiarra: Erdi mailako erredurekin Donostiako Ospitalera eraman zuten.
-JM.G.S. 26 urteko zumaiarra: Zauri arinak izan zituen eta atzo eman zioten alta.
-G.Z.O. 23 urteko lizartzarra: Zauri arinak izan zituen eta atzo eman zioten alta.