Ezker Batua-Berdeak alderdiak antolatuta, Oscar Matute izan zen astezkenean Biterin, egungo egoera politikoan Ezker Batuak egingo duen apustua azaltzeko. Matutek azaldu zuen su etenaren ondoren aukeren garaia ireki dela eta ekarpenak zerbait eraikitze aldera egin behar direla. Bere iritzian, biolentziaren inguruko eztabaida atzean utzita, gizarteak dituen arazoei heltzeko aukera izango da, hala nola: osasuna, langabezia eta hezkuntza. Horrekin batera esan zuen, nazionalista eta ez nazionalista polarizazioa gaindituta, ezkertiarrek batu egin beharko luketela. Testuinguru horretan Ezker Batuak etorkizuna duela azpimarratu zuen, ´Ezker Batuak etorkizuna du testuinguru horretan, izan ere lehen baztertuta baitzegoen`.
Bakea eta normalizazioa
Ezker Batuko parlamentariak azaldu zuen hemendik aurrerako prozesuak bi plano behar dituela izan. Batetik baketzea, eta hori, gehienbat, Gobernua eta ETAren esku dagoela esan zuen. Plano horretan honako puntuak aztertu beharko direla aipatu zuen: ´armak entregatu, biktimei arreta jarri, alderdien legea alde batera utzi, dispertsioarekin bukatu eta auzitegi nazionala eta montaje juridiko horrekin bukatu`. Normalizazioaren inguruan azpimarratu zuen, negoziazio mahaiak sortu beharko dituztela alderdiek. Bere iritzian bi mahai osatu beharko lirateke: bata EAEn eta bestea Nafarroan. Autodeterminazio edo erabaki eskubidearen inguruko eztabaida oinarrizko zutabe jo zuen Matutek. Erreferendumen inguruan hitz egin zuen: ´egungo konstituzioko 150.2 artikuluak dio, estatuko erkidego baten gehiengoak eskatzen badu, kontsultak egiteko eskumena eskura dezakeela erkidego horrek. Guk ez dugu itxarongo estatuak eskumen hori eman arte. Kontsultarako erreferenduma egitearen aldekoak gara, jakiteko eskumen hori lortu nahi den EAEn, eta baita beste erkidegoetan ere, hala nahi bada. Herritarrak aldekoak direla pentsa liteke eta horrela babesa lortuko genuke negoziatzerako garaian`.