Agustinetako komentua eta eliza inauguratzeko ekitaldiak izango dira gaur, bihar eta etzi, Agustinetako elizan bertan. Gaur Ozenki eta Kantuz Abesbatzen kontzertua izango da arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bihar, berriz Koro Saez eta José Ignacio Ansorenak organo eta txistu kontzertua emango dute eta larunbatean, Joxan Goikoetxea ariko da akordeoiarekin.
Kantuz, 17 urteko ibilia
Kantuz da gaur kontzertua eskainiko duenetako bat, dagoeneko 17 urteko historia luzea baduena. 1989an sortu zen Jaione Escuderoren eskutik eta 1990ean eman zuen lehen kontzertua Santa Ageda bezperan. Urte horietan guztietan, hainbat eta hainbat kontzertu eta emanalditan hartu dute parte eta Tangoka eta Kastillako Dorreak emanaldien antolatzaile ere izan dira.
Ozenki, indartzen ari den proiektua
Ozenki Abesbatza Ereñotzun sortu zen 1994an, Imanol Kamioren eskutik. Gaur egun koro erdia da Ereñotzukoa eta beste erdia Hernani, Goizueta, Arano eta inguruko herrietakoa. Hauek ere kontzertu ugari ematen dituzte eta azken urteetan abesbatza gaztetu eta indartu egin dela esan liteke. Herriko bi koruek seina abesti kantatuko dituzte aparte eta beste hiru, bi abesbatzek batean.