20 urte luze eta gero, Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak soinu haundiarekin bakarka kontzertua emango du, Agustinak-Zinkoenea gune berria inauguratzeko ekitaldien barruan. Kontzertuaren xehetasunak eta etorkizuneko proiektuei buruzko jakinminez, Kronikak Goikoetxearengana jo du. 20 urteko bidea, 12 disko eta 100 kolaborazio pasa ekarri dituen zikloa bukatzen ari dela esaten dio barruak. Esentziara hurbiltzea, barne-begirada, helburuen zoom-a enfokatu eta denbora soseguz hartzea. Horiek dira dabilzkien kontzeptuetako batzuk.
Urte asko eta gero, Joxan Goikoetxea berriz ere bakarka Hernanin...
Bai, azkeneko aldiz orain dela 20 urte jo nuen bakarka Hernanin, Sandiusterriren 450garren urteurrenean. Era berean, soinu jole gisa urte hartan utzi nion bakarkako bideari. Egia esan, beti eduki izan dut barruan bide horri berriro heltzeko grina, eta uste dut hau momentu ona dela. Musika klasikoa oso esijentea da. Denbora eta dedikazio haundia eskatzen ditu, eta mentalki eta espiritualki ere behar du ekilibrioa. Momentu onean nago orain horrelako kontzertu bati heltzeko, eta bestetik, berriz, bakarkako bide horri nion zorra kitatzeko momentua da.
Errepertorio klasikoa eta herri kantuak bilduko dituzu. Zer transmititu nahiko zenuke zure kontzertuan?
Lehenbizi ekitaldia bera kokatu beharko genuke. Emanaldia espazio konkretu batean da, Agustindarren konbentuko elizan, meditaziorako bide ematen duen gune batean, eta ornamentu aldetik oso espazio biluzian. Kontzertuak ere horixe izan eta transmititu nahi luke, musika bere hutsean, edo erderaz esaten dena, música en estado puro. Bach-en Preludiorako fugarekin hasiko da kontzertua. Tartean Juan Joxe Arregi herriko apaizaren hiru kantu sartu ditut. 50 urte egin ditu Hernanin apaiz eta bere kantu liburu bat atera berri dute. Umetan elizarekin izandako oroitzapen asko ere badakarzkit gogora. Musika kreazio eta ibilbide artistikoari dagokionez, non dabil Goikoetxearen burua, zer dira zure kezkak, gogoetak, helburuak...? Nere musika ibilbidean ziklo bat bukatu denaren sentsazioa daukat: hogei urteko bidea, 12 disko Alboka taldearekin eta aurten atseden hartzea erabaki dugu, bakarkako emanaldia... Musikan enkarguz egiten da lana asko, (besterentzako lanean esaten zuen Txirritak), eta beti bestek jarritako situaziotan ari zara musika egiten. Ni, gainera, apasionatua naiz eta proiektuak bizi egiten ditut. Eta azkenean, galdetzen duzu, eta zein naiz ni? Orain gogoa daukat lan pertsonalagoak egiteko, nere esentziara hurbiltzeko. Argazki kamararen metafora erabilita, orain arte objetibo zabalarekin aritu izan naiz. Orain ondo enfokatzea nahi dut, zoom-a ondo jarri eta denbora soseguz hartu.
Eta nora begira jarriko du Goikoetxeak objetiboa?
Barrura begira, barne-begirada hori da interesatzen zaidana. 20 urteotan, lan asko eta lan ona egin dudanaren irudipena dut. Asko ikasi dut, eta nere lana zabaltzeko aukera ere izan dut.