LEBER enpresak TAO sistema proposamena aurkeztu zuen lehengo asteazkenean Biterin, alegia, aparkatzeagatik ordaindu egin behar izaten den sistema. Udalak aginduta egin du azterketa enpresak eta orain herritarrekin eztabaidatu nahi du Udalak, TAO sistema jartzea nahi den eta jartzez gero nolakoa nahi den. Hernaniko zentroan aparkatzea geroz eta zailagoa da, auto kopuruak izugarri egin baitu gora, eta azterketak azaldu duenez, zentro-zentroan herrian lan egiten duen jendeak aparkatzen du goizean goiz eta ordu askotarako. TAOarekin lortu nahiko litzateke bertan lan egiten duen jendeak apartexeago aparkatzea eta Kaxkoko leku horiek erosketak edo bestelako tramiteak egitera datorren jendeak erabiltzea. Leber enpresaren hitzetan merkatariei eta zerbitzuei egingo lieke mesede haundiena TAOak.
Lau eremu desberdin
TAO sistema Hernaniko Kaxkorako izango litzateke eta lau eremu desberdinetan zatitzen du Kaxkoa: 1) Izpizua kalea jotzen du auto kopuru gehien ibiltzen den eremua eta hemen bi ordu arteko TAO aukera aurreikusi du Leber enpresak. 2) Atzieta, Elkano, Zinkoenea buelta, Urbieta zati bat, Aristizabalek... TAO normala izango lukete: denbora gutxirako kotxea uztea merkea izango litzateke, baina, denbora luzeagoan ere eduki liteke, 4 ordu arte edo. 3) Oartzu edo Oarso, Orkolaga eta Biteri kalea, bizilagunentzako gunea izango litzateke bereziki (horrek ez du esan nahi beste eremuetan aparkatu ezin dutenik). 4) Milagrosa azpiko aparkamendua goiz osorako, arratsalde osorako edo egun osorako autoa uzteko eremua izango litzateke, eta besteetan baino merkeagoa beharko luke TAOak.
Ordutegia eta bizilagunak
TAO sistema ordutegi batean aplikatzen da, zehaztu beharreko ordutegi batean. Komertzioa, kontsulta, bulegoak eta antzekoak irekita egoten diren ordutegian ordaindu beharko litzateke aparkatzeagatik; goizean goiz, eguerdietan eta gauean ez da ordaindu behar izaten. Bestalde, Kaxkoan bizi direnek txartel berezi bat ordaindu ahal izango dute urtean eta horrekin aparkatu ahal izango dute TAOa aplikatzen den eremuaren barruan. Asteazkeneko bilerara hurbildutako herritarrek zenbait kezka azaldu zituzten: jendea prest ote dagoen enkargutara dijoanean aparkamendua ordaintzeko, inguruko auzoak kotxez ez ote diren beteko eta abar.