Bai Eskolak Euskalduntzeari!

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 5a, 03:00

Sinadura bilketa azken txanpan sartu da. Kanpaina honen bidez, haurrek eskola bukatutakoan, euskaraz moldatzeko gauza izan daitezela eskatzen dugu. Orain artean sinatu ez duzuenoi datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etatik 14:00ak bitarte Plaza Berrin jarriko ditugun mahaietara bertaratu eta zuen ekarpena egitea eskatu nahi dizuegu. Besteak beste: haur jokoak, marrazki txokoa, herri kirolak, musika eta pintxoak ez dira faltako. Askorentzat sinadura hutsa izan badaiteke ere, kanpainari gure babesa eman diogun eragileok, gaur egun eskoletan indarrean dauden hizkuntza ereduek ( A, B , D, G, I…) porrot egin dutela adierazi nahi izan dugu. Hizki baten gora behera, eskoletatik ateratzen diren haurrek euskara maila kaskarra izateaz gain, eredu bakar batek ere ez baitu ziurtatzen eskolatik atera eta kalean euskaraz egingo dutenik. Garbi dago beste zerbait egin beharrean gaudela. Hau hasiera baino ez dela eta atzetik gogotik lan egin beharko dugula. Baina dagoena onartzeko ere prest ez gaude eta biltzen ditugun sinadurekin Administrazio desberdinei hauxe jakinaraziko diegu. Hernanin ekimena martxan jarri zenetik, eskola, kirol elkarte, sindikatu, guraso, euskaltegi, lantegi eta herriko kaleetan sinadura eskean lagun ugari bildu gara. Pozgarria eta eskertzekoa da benetan eman diguzuen laguntza. Eskerrik asko guztion izenean.

Eli Ansa
(Bai Eskolak Euskalduntzeari!)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!