ander Iradi, Hernaniko txirrindulari gazteak, Zegamako karrera irabazi zuen joan den larunbatean, denboraldi honetan irabazten duen lehenengoa.
Erasoa azken kilometroetan
93 kilometrotako ibilbidea egin behar izan zuten karreran parte hartu zuten 82 txirrindulariek eta bi aldiz pasa ziren Lierniko gainetik, Otzaurteko portua igo aurretik. Iradi 5garren kilometroan ihesaldi batean sartu zen, beste lau lagunekin batera. Urnietako Kaiku taldean dabilen txirrindulariak Kronikari azaldu dionez pelotoia lasai ibili zen eta 5 minutuko aldea hartu zuten: ´nire taldekoek lan ona egin zuten pelotoian, beste ihesaldiak neutralizatzen` dio Iradik. Otzaurteko maldak hasitakoan beraiekin ihesean zijoan txirrindulari bat atzean geratu zen eta lau kilometro besterik falta ez zirela erasoa jo zuen hernaniarrak eta beste txirrindulariak atzean utzi. Zegamako karreran Txaber Zabaleta, Ander Uzkudun eta Axel Trantxe hernaniarrek ere parte hartu zuten.
Datorren asteburuan Lazkaon
Denboraldi bikaina egiten ari da Ander Iradi. Jubenil mailan bigarren urtea du eta parte hartu duen hamar karreretan oso aurrean ibili da, ihesaldietan parte hartuz. Datorren asteburuan Lazkaomendiko proban korrituko du Iradik. Zegamako garaipenaren ondoren kontrarioek gertutik zainduko dute hernaniarra: ´Lazkaomendiko proba malda gogor batean bukatzen da, Otzaurtekoa baino gogorragoa, eta ikusiko dugu nola moldatzen garen`, dio Iradik. Bestalde, igandean Lazkaoko karreran, beste hernaniar batek, Garikoitz Zabaletak, bederatzigarren egin zuen afizionatu mailan.