«Australian dagoen kultur nahasketa oso gustoko dut»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 6a, 03:00

Iurgi Urrutia munduz mundu dabil aspaldian (AEB, Kuba, Ingalaterra...) eta azkenean Australian jarri da bizitzen, bertakoa baita Anna, bere andrea, Ingalaterrako ospitale batean lanean ari zela ezagututakoa. Azken bolada Ingalaterran egin dute eta bertatik erantzun ditu gure galderak E-mail bidez. Hernanin ere izan berria da, baina, presaka ibili omen da, opor motzetxoak izaki.

Hernanitik noiz atera zinen eta non barrena ibili zara Australiara iritsi arte?
Nere gurasoak beti animatu ninduten bidaiatzera. Institutuan nenbilenean AEBetara urte baterako bidali ninduten. Urte bat geroago, Kuban izan nintzen brigadista bezela. Ikasketak bukatu ondoren, denboraldi batez Ingalaterrara joatea erabaki nuen. Ingalaterran garai hartan, eta oraindik ere bai neurri batean, lan egiteko aukera gehiago zegoen eta Hernanitik ateratzeko beharra ere sentitzen nuen. Ingalaterrako ospitale batean lanean ari nintzela, operazioak eta gero kirofanoak ondo garbitzen, Australiako neska bat ezagutu nuen, eta nolabait, berarekin Australian bukatu nuen.

Nolatan Australiara?
Ingalaterrako ospital hortan lanean ari nintzela ezagutu genuen elkar, eta egia esan prozesu guztia nahiz eta zaila eta erabaki gogorrez betea izan, oso azkarra izan zen. Biak maiteminduta geundela konturatu ginenean hasi ziren komeriak. Jakina, Australia eta Euskal Herria munduko punta banatan daude, eta biak argi genuen hasiera-hasieratik Ingalaterran ez genuela bizi nahi. Ni segituan konturatu nintzen logikoena, errexena, ni Australiara joatea zela. Nik ingelesa ondo hitz egiten nuen, baina berak ez zuen ez euskara ez espainola hitz egiten. Harria nere teilatuan zegoen baina ez nekien nere herria, nere senideak, eta nere lagunak atzean uzteko prest nengoen. Bi hilabete banatuta egon ginenean, orduan konturatu nintzen Annarekin egotea neretzat garrantzitsuagoa zela une hartan.

Nolako bizitza da Australian orokorrean? Eta zuri dagokizunean?
Australian orokorrean oso lasaiak eta irekiak dira. Bestalde, Australian dagoen kultura piloa oso gustoko dut, eta orokorrean kultura guzti horiek oso ondo nahastu dira, konpota on bat sortu da. Boterean daudenak anglosajoiak dira bai, eta beren agenda eta kultura bultzatzen dute eskoletan, baina herri mailan ondo nahastu dira. Nere lagunak adibidez, jatorriz italianoak, grekoak, indioak, txinatarrak, alemanak, ta ingelesak dira. Neri dagokidanean... Australiara iritsi ginenean Annak segituan lortu zuen lana, eta neri gauzak lasai eta patxadaz hartzeko esan zidan. Horregatik lehenengo hilabetetan ez nuen lanik egin. Jendea ezagutu, eta hemendik aurrera nere herrialdea izango zena ezagutzeko prestatu nintzen. Gero, zorte dexente izan nuen eta kultur etxe batean lanean hasi nintzen. Antzerki, kontzertu, eta musikal pila bat izaten dira. Lan gehiena gauetan edo astebukaeretan egiten dugu eta horrek Unibertsitatean sartzeko aukera eman zidan, nere ikasketak gehiago sakontzeko. Azkeneko bi urteak horrela egin ditut... egunean zehar ikasten, eta gau eta astebukaeretan askotan lanean.

Eta jendea nolakoa da?
Jendea jatorra, lasaia, eta irekia da. Zoritxarrez Euskal Herrian ezagutzen ditugunak sanferminetara joaten direnak dira, iturrira igo eta salto egiten dutenak, edo guztiz mozkortuta zezen aurrean korrika egiten saiatzen direnak. Baina, australianoak europara etortzen direnean han inoiz egiten ez dutena egiten dute, aitak begiratzen ez duenean haurra harrotu eta bihurrikeriak egiten hasten den bezala. Han oso zibilizatuak dira. Hortaz aparte inoiz ikusi dudan begetariano kontzentrazio handiena duen herrialdea da. Politika ez zaie batere axola, eta une honetan oso kontserbadoreak dira.

Fauna izugarri berezia da hor ezta?
Kanguro, ornitorrinko... Australiatik gehien gustatu zaidana hango animaliak dira. Animali benetan politak eta desberdinak dituzte. Kanguroak, wallabyak eta koalak dira ezagunenak, baina neri gehien gustatzen zaizkidanak wombatak dira, koalaren familikoak dira baina hauek lurrean ibiltzen dira, astiro-astiro. Platypusak ere oso ederrak dira, marrazki bizidun edo komiki batetik aterata daudela dirudi. Tasmaniako deabrua berriz oso itsusia iruditu zitzaidan, marrazki bizidunetako Tas askoz jatorragoa da. Baina animalia hauek ezin dira deskribatu, aurrez aurre ikusi behar dituzu. Hala ere, jakin ezazue, Australiak kriston suge eta intsekto pozointsu pila duela, munduko pozointsuenak. Australiara iritsi eta lehenengo astean adibidez, kriston armiarma gure kotxe barruan aurkitu genuen. A ze sustoa! Eta hori askotan gertatzen da.

Etxera bueltatzeko gogoa pizte aldera. Gastronomia?
Jende askok galdetu dit hori. Euskal Herrian primeran jaten da, eta Australian oso gaizki jaten dela pentsatzen dugula iruditzen zait, baina han denetatik jaten da eta ni behintzat oso gustora nabil jatetxe japones batetik turkiar batera, edo thailandiar batera joaten. Munduko ia gastronomia guztiak aurkitu ditzakezu, eta jendea hortara ohituta dago. Euskal Herrian berriz oso itxiak gara. Gainera, Melbournen greziar eta italiar pila bat daude, eta bi herrialde horiek oso janari ona prestatzen dute. Beraz, badago non gozatu. Bestalde, Australian jende guztiak Euskal Herrian zer jaten genuen galdetzen zidan eta azalpenak ematen nekatu nintzenean, euskal festa bat antolatu eta lagun guztiak gonbidatu genituen. Den-dena ezin egin, baina Anna ta biok pintxo dexente prestatu genituen eta arratsalde oso bat gauz desberdinak dastatzen pasa genuen. Janari gehiegi prestatu genuela uste nuen baina den-dena jan zuten.

Esaten dutenez lan baimena-eta lortzea ez da hain erraza Australian.
Australiara sartzeko baimenak lortzea oso-oso zaila da. Ez dut uste AEBen pare dagoenik, baina oso urruti ere ez. Nik, nahiz eta Annarekin ezkonduta egon, hara joateko baimenak lortzeko kriston paper pila bete behar izan nuen, medikuen informeak bidali, bi hilabetez separatuta egon ginenez gutun pertsonalak ere bidali behar izan genituen, eta gure erlazioa benetazkoa zela frogatu behar genuen. Ezin dut hitz gutxitan azaldu zer eskatu ziguten, baina den-dena eskatu zigutela esan daiteke, gauz oso pertsonalak gainera. Eta hori ezkonduta egonda! Imaginatu nola den besteentzat!

Distantzia handiak dira Australian. Asko mugitzen zarete batetik bestera? Australia Europa osoa baino handiagoa da eta 20 milioi pertsona besterik ez dira bizi. Distantziak oso handiak dira bai; nere lagun gehienak adibidez, kotxean ordu batera bizi dira. Ez da Hernanin bezela, bost minutu oinez eta zentruan, lagunak erraz aurkitu ditzakezula. Neretzat hori izan da zailena Australian. Zure lagunetara dagoen distantzia hori.

Gomendatuko al zenioke jendeari horra joateko?
Bai, noski. Bidaiatzea beti da ona eta aberasgarria. Beste herrialdeak ezagutzea, beste kulturak. Australiak izugarrizko historia eta izugarrizko lurraldeak dauzka. Hala ere, nik betidanik Zelanda Berrira joateko desioa izan dudala aitortu behar dut.

Horra joatera animatuz gero zer gomendatzen diguzu? Zer ikustea?
Kontuan eduki Australian barrena ez naizela hainbeste ibili, baina nik ikusi ditudan lekuetatik, Blue Mountains (mendi urdinak), eta basamortua gomendatuko nituzke.

Herri minik sortzen ez?
Herri minak askotan jo nau, eta gogor gainera. Urte asko daramatzat Euskal Herritik kanpo, baina, Ingalaterran nengoenean adibidez, oso erraza zen abioi bat hartu eta Euskal Herrira jaistea. Australia berriz, munduko beste puntan dago eta garestiegia da bidaia. Momentu okerrenak, lagunak edo familia elkarrekin daudenekoak dira, herriko jaietan eta horrela, orduan izaten da okerrena; baina denborarekin hobeto daramat, eta internetek ere asko lagundu dit.

Bere garaian euskaldun asko joan zen horra. Arrastorik gelditzen al da?
Bai. Euskaldunak gehienbat Sydneyen eta Queenslanden daude. Sydneyen adibidez Euskal Etxe bat dago, eta igandero elkartzen dira. Melbournen berriz oso gutxi gaude eta oso urruti bizi gara; Victoriako estatuan nahiko sakabanatuak gaude. Ez dugu elkarterik, eta ez gara askotan elkartzen, baina urtean bost edo sei aldiz batera bazkaltzen dugu. Han ezagutu det adibidez, Tolosaldeko gizon bat orain dala 40 urte edo gehiago hara joan zena, eta ilobak Hernanikoak dituena. Oso tipo jatorra benetan, eta euskara ni baina hobeto hitzegiten duena. Ea hemendik 40 urtera bera bezala euskara primeran hitz egiten dudan; saiatuko naiz behintzat!

Hernaniar gehiago ere badira hor bizi direnak. Arrastorik?
Hernaniarrik ez dut ezagutzen, baina nork daki!

Orokorrean bizi maila nolakoa da? Herri txikietan, hirietan...
Bizi maila oso altua da. Orokorrean oso ondo bizitzen da. Esan beharra dago, australian 80. hamarkada arte, jende gehiena maila berdinean zegoela gutxi gora behera. Aberats batzuk bazeuden noski, eta pobrezia ere bai, baina beste herrialdeekin konparatuta Australian berdintasun handia zegoen. Azkeneko 25 urteetan gauzak dexente aldatu dira, ta zoritxarrez, gero eta desberdintasun handiagoak daude. Hala ere, etxebizitzak askoz merkeagoak dira, eta gazteak gurasoen etxea utzi eta beraiena erosteko aukera askoz handiagoak dituzte. Orokorrean, han lan aukera gehiago daudela esango nuke, baina tira, Euskal Herrian nahiz eta gure arazoak eduki, primeran bizi gara. Eta nahiz eta nere aita nerekin ados ez egon, nik beti esaten diot: Hernani munduko herri hobena da! Jejeje!

Hona bueltatzeko asmorik?
Anna ta biok Australian biziko garela uste dut, hori izango dela gure basea, baina ateak beti irekita mantentzen ditugu, eta gure burua bi lekutan ikusten dugu beti, Australian eta Euskal Herrian. Gainera, berak Euskal Herrian etxean bezela sentitzen dela esan du askotan, eta euskara eta espainola ikasten ari da. Eta, bisitak ere hor daude. Abendu osoa Hernanin pasa genuen, eta aurten Ingalaterran gaudenez, Euskal Herrira ere behin baino gehiagotan jaitsiko gara. Anna eta biok orain bi etxe ditugu, Melbourne eta Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!