Umilazioa!!!
Arau Subsidiarioak zirela eta, iaz zenbait herritar eta Arratibel zinegotziak herriko prentsan iritzi trukaketa izan genuen. Aipatzekoa nire eskutitzari Arratibelen erantzuna (Kronika, 2005/05/26). Bertan eztabaida hitza sei aldiz erabili zuen, …eztabaidatzeko abiapuntua..., …eztabaidatzen hasteko..., …eztabaidatzeko aukera hori…, …eztabaida gune zabal…, …eztabaida abian da…, …eztabaida hau… Baita Arratibelek eskutitz berean ,`inoiz udal korporazio batek ez du hainbeste baliabiderik ipini hernaniarrek beren iritzia eman dezaten...` ere bazioen. Amaitzen zuen `…bere proposamen zehatzak guri helaraztea nahi genuke, bere ekarpenak oso interesgarriak izango direla…` esanez. Ekarpenak eta proposamenak prestatu nituen eta Udalean aurkeztu. Orain dela gutxi jaso dut erantzuna: `Oro har, alegazio honek protestaren izaera handiagoa du agirien analisi teknikoarena baino, eta beraz, iruditzen zaigu gure eskumenetik kanpo dagoela proposatutako alderdi horiek eztabaidatzea.` Eta Kitto. Gustatu ez zaizkien alegazioak eztabaidatu gabe paperontzira zuzenean. Herri hobea nahi, eta ekarpenak egin ditugunontzat umilazioa. Beste bat. Tamalez, Rekondok zuzentzen duen Hernaniko Udala horrelakoa da.
Josu Arrieta.