Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Hernanin hasiko da etzi, idatzian eta bapatean

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 3a, 03:00

Urumea eta Langile ikastetxeetan izango da idatzizkoa 15:00etan eta bapatekoa Biterin, 16:00etan.

Hernanin hasiko da datorren ostiralean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, lehenengo idatzian eta gero bapatean. Idatzizko ariketa Urumea eta Langile ikastoletan egingo dute 18 urte arteko neska mutilek eta ondorenean bapateko saioa izango da Biterin. Gaztetxoen mailan bi taldek hartuko dute parte: Hernani-Añorga bata, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena hernaniarrek eta Maddi Labaka eta Xabier Ayarza-Marien añorgarrek osatua. Aurkari Oiartzungo taldea izango dute. Haundien mailan, berriz, 6 lagun izango dira Hernaniko bertso eskolakoak: Arnaitz Lasarte, Jon Hidalgo, Oier Iurramendi, Amaia Otxotorena, Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz eta Oiartzungo Aritz Casabal eta Karmele Mitxelena.

Etxekoak pronto
Unai Gaztelumendi añorgarra eta Hernaniko Bertso Eskolako kidea da iazko txapelduna eta aurten berriz irabazteko aukerarik ikusten duen galdetuta ez da ausartu erronka haundiegirik botatzen: ´saiatuko gara, baina, kontrario onak izango dira. Lehenengo lana finalera pasatzea izango da eta Hernaniko bertso eskolako lagunak asko egin dute gora azken urtean eta lehia estua izango dugu`. Finala Oiartzunen izango da ekainaren 2an eta aurretik beste 3 saio ere jokatuko dira Hernanikoaren ondotik: Zarautz, Eskoriatza eta Zumarraga-Urretxun. Guztira, 13 taldek hartuko dute parte txikien mailan, 36 bertsolarik helduen mailan eta 1.500 bat neska-mutilek bertso idatzi txapelketan. Hori Gipuzkoari dagokionez, Lapurdi, Nafarroa-Beherea, Nafarroa, Araba eta Biz-kaian ere izango baitira txapelketak. Herrialde bakoitzeko onenak berriz, Altsasun elkartuko dira, ekainaren 24an.

Gazteenak indartsu
Hernaniko bertso harrobiak emankor jarraitzen du eta horren adibide izan zen joan den larunbatean Hernaniko bertso eskolaren 25garren urteurrena ospatzeko bazkarian gazteenek egin zuten saioa. Zaharragoak aho zabalik gelditu ziren gazteenen mailarekin eta izan zen emozionatzera iritsi zenik ere. Ea etzi tenple berdina ateratzen duten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!