620 errenta aitorpen egin dira Hernanin zerga kanpainaren lehen lau egunetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 3a, 03:00

APIRILAREN 24an hasi zen errenta aitorpenaren kanpaina Gipuzkoan. Diputazioko Fiskalitate eta Finantza sailetik jakinarazi dutenez, Hernaniko bulegoan 620 errenta aitorpen mekanizatu egin dira lehenengo lau egunetan eta apirilaren 28ra arte 3.625 eskaera zituzten jasoak aitorpena egiteko, horietatik 1.890 internet bidez. Hernaniko bulegoan eskualde osoko zerga aitorpenak jasotzen dira. Helarazitako datuen arabera, Hernanin egindako 620 aitorpenetatik 564 negatiboak izan dira eta 732.507 euro ordaindu beharko ditu Diputazioak. Gainerako 56 aitorpenekin 45.744 euro ingresatuko ditu foru erakundeak.

Gipuzkoa osoan 352.000 errenta aitorpen espero dira
Diputazioak espero du aurten 2005 urteko ariketari dagozkion 352.000 errenta aitorpen egitea eta dagoeneko bidali ditu 143.058 autolikidazio gipuzkoarren etxeetara. Hernanirako 2004ko estatistikek diote 8.900 errenta aitorpen egin zirela urte hartan eta horietatik %46 mekanizatuak izan zirela. Kuota osoaren %0,5239 beste helburu batzuetara bideratu ohi da zerga aitorpena egiterakoan; 2004an hernaniarren %38 gizarte egitasmoetara bideratu zuen kuota zati hori, %14ak eliza katolikora eta %47ak ez zuen helburu zehatzik jarri.

Euskaraz egiteko kanpaina
Errenta kanpaina hastearekin batera Buruntzaldeko Udaletako Euskara Zerbitzuek beste kanpaina bat jarri dute martxan, errenta aitorpena euskaraz egiteko. Hernanin leku hauetan egin daiteke aitorpena euskaraz: Zarautz, Zulaica, Brintza, GSE, Hator, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoako Kutxa, La Caixa eta Caja Rural. Baita Diputazioak Hernanin duen bulegoan ere (Latsunbe-Berri 8-9).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!