Txistulari gazteek maila ona erakutsi zuten jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2006ko maiatzaren 1a

HErnaNIko II Txistulari jaialdia izan da asteburuan eta iaz bezala larunbatean txistulari gazteen txapelketa izan zen. Nabarmentzekoa da aurkeztutako txistulari gazteek eman zuten maila, musika eskolak eta txistua osasunean daudela eta txistuak etorkizuna baduela erakutsi baitzuten.

Txapelketako irabazleak
12 urte arteko kategorian irabazle izan zen Añorgako Goiatz Irazabal Rodrigez, dantza bilduma bat jota. 13 eta 14 urte arteko kategorian irabazlea Peio Irigoien Boda irundarra izan zen eta Mari Celi izeneko polka jo zuen. Taldekako kategorian Txingudiko txistulari taldea izan zen, 11 eta 13 urte arteko txistulariz osatuta. Tartean bada hernaniar bat, Jon Patxe. Txingudi taldeak Aurkez aurke pieza herrikoia jo zuen.

Atzo txistua kalean
Atzo txistu emanaldiak izan ziren goiz eta arratsalde herriko auzo, kale eta plazetan. Azkoitia, Durangaldea, Pasaia eta Hernaniko txistulariak izan ziren kalea girotzen arduradun. Eguerdian emanaldi nagusia izan zen plazan eta bertan aipatutako txistulariek jo zuten, baita txapelketako irabazleek ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!