«Sahararrei laguntzeko modurik onena udan etxera bertako haur bat gonbidatzea da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 30a, 03:00

Aste Santuko oporrak Saharako errefuxatuekin pasa dituzte Ttarla dantza taldeko kideek eta argazki eta bizipen ugari ekarri dituzte handik bueltan. Helburua zuten bertako haurrekin kultur trukaketa egitea, dantza, jolas eta musikaren bidez. Naziorteko bisitari ugari zegoenez ezin izan dute nahi adina aritu baina hala ere gustora ibili dira Saharan pasatako egunetan.

SAHARAKO errefuxiatuekin pasa dituzte Aste Santuko oporrak Ttarla dantza taldeko dantzariek eta hainbat musikarik, Argeliako Hamada desertuko Aaiun kanpamenduan. Guztira 9 pertsonako taldea atera zen Hernanitik eta haien asmoa zen bertakoekin, batez ere haurrekin, kultur trukaketa egitea, jolas, dantza eta musikaren bidez. Hala ere, nazioarteko bisitari ugari bildu zen kanpamenduetan Aste Santuko oporraldietan eta dena antolatzen nahiko lanpetuta zebiltzanez, Ttarla dantza taldeko kideek eta musikariek ezin izan zuten nahi adina aritu. Hala ere, ez zuten etsi eta beren kontu izan ziren bertako eskola ezberdinak bisitatzen: haurtzaindegian, emakume helduen eskolan, heziketa bereziko heziketa zentroan eta baita itsuentzako eskolan ere. Bertatik bueltan Ttarlako kideek azpimarratu nahi izan dute Saharako errefuxiatuak oso ondo antolatuta daudela eta nahiz eta baliabide gutxi izan, antolakuntza horri esker bizirauten dutela.

Beste bizimodu bat ezagutzeko premia
Badira urte batzuk udararo Saharako haurrak etortzen direla Hernanira. Ttarla dantza taldeko kideak Mohamed, haietako baten etxean izan dira. Azaldu dutenez, haur hauek desertuko errefuxiatu kanpamenduetan jaio dira eta ez dute beste bizimodurik ezagutu. Gainera garai bateko errealitatea ezagutu zutenak gutxi geratzen dira, eta uste dute garrantzitsua dela haur hauek kanpamenduetaz aparte beste errealitate bat ezagutzea, ´udarako hilabete horiek urte osorako bitamina baitira haientzat` azaldu dute Ttarlako kideek.

Eramandako guztiarengatik eskerrak eman dizkiete
Bidaia aprobetxatu eta eskolako materiala eta medikamentuak eraman zituzten kanpamenduetara Ttarlako kideek. Material ugari bildu zuten eta Ttarlako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete materiala eman zuten ikastetxe eta farmaziei. Gutun bat ere ekarri dute desertutik jasotako guztiarengatik eskerrak emanez. Bertako haurren marrazkiak ekarri dituzte trukean.

«Txistua asko gustatu zitzaien haurrei»

Kultur trukaketa egin zuten hainbat saioetan eta azaldu dutenez euskal dantzekin nahiko ondo moldatzen dira Saharan. Txistua asko gustatu omen zitzaien, batez ere
haurrei. Hernaniarrak ere aritu ziren bertako ohiturak ezagutzen. Esaterako henna-rekin eskuetan marrazkiak egin zizkieten eta tea ere prestatzen aritu ziren, bertan egiten duten bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!