Txirritak burua altxako balu!

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 30a

Bertso eskolaren 25 urteko historian ibilitako 90 lagunetik gora elkartu ziren atzo Larre-Gainen, ospakizun bazkarian. Hernaniko bertso eskola emankorra izan da eta da, eta betidanik bertso zale izan den Hernaniko bertso grinari bizirik eutsi dio. 1981ean bertso eskolan hasitakoetatik gaur egunean dabiltzanetaraino elkartu ziren Larre-Gainen: asko bertsolari ospetsuak, beste asko noizbehinkako bertsolariak eta beste asko bertso zale huts direnak. Belaunaldiek elkar ezagutu eta aspaldi elkartu gabeko jendea batera biltzea izan du atzoko zitak helburu. Larre-Gainen primerako giroa izan zuten eta bertsoez gain, garai bateko historia eta anekdotak ibili ziren hitzetik hortzera.

1981-2006
Amurizak lehen bertso ikastaroa eman zuenetik hogeita bost urte pasa dira dagoeneko, eta ikastaro haren segidan hasi zen koadrila bat bertsotarako astero biltzen. Horrez gain, herriko ikastetxeetan ere bertso eskolek indar haundia hartu zuten eta, denborarekin eta bista haundiz, bertso eskola guztiak batean bildu zituzten. Gaur egun ere bi bertso eskolek diraute bizirik: bertsotarako elkartzen diren Iraulio Panttalone bertso kabiak, eta gaztetxoei klaseak ematen zaizkien bertso eskolak.

Ekitaldi zenbait
Hogeita bost urte bete dituela ospatzeko urtean zehar ekitaldi zenbait antolatu ditu bertso eskolak, Udalaren laguntzarekin. Momentu honetan bi erakusketa daude Biterin: batetik, bertso eskolako argazki erakusketa, eta bestetik hitzak egiten gaitu ezer bertso erakusketa. Atzoko bazkaria, hileroko bertso jarri sorta eta Txirrita Hernanin 2006 emanaldiak dagoeneko paseak dira eta aurrerantzean hitzaldiak, Inaxitoren ametsak antzerkia eta Bertso Lata daude iragarrita, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!