Agustindarren komentu berriaren inaugurazio ekitaldiaz gain, hamabost egun barru musika ekitaldiak izango dira protagonista Agustinak-Zinkoenea gune berri guztia inauguratzeko. Udaletxeko Kultura Sailak antolatu ditu eta hiru kontzertu izango dira, maiatzaren 11, 12 eta 13an. Lehenbiziko egunean herriko bi abesbatza izango dira protagonista, Ozenki eta Kantuz abesbatzak. Ozenkik kantatuko dituen abestiak, besteak beste: Imanol Kamioren Agur Maria, Mozarten Ave Verum eta Julen Eskurraren Ume eder bat. Kantuz abesbatzak, berriz, Bortniaskyren Tebe poem, J.Olaizolaren Aloña Mendian, eta J. Bustok moldatutako Axuri beltza. Kontzertu bukaeran, bi abesbatzek elkarrekin kantatuko dituzte zenbait abesti. Bigarren egunean, txistu eta organo kontzertua eskainiko dute Koro Saenz Agirre eta Jose Inazio Ansorenak. Tomas Garbizuren Agur jaunak, Luis Aranbururen Concierto Veneciano eta Isidro Ansorenaren Birigarroa interpretatuko dituzte, beste bost konposiziorekin batean. Kontzertu honek elementu berezi bat ere izango du. Koro Saenz eta Jose Inazio Ansorenak koruan emango dute kontzertua, eta jendeak aldarean jarriko duten pantaila bidez ikusiko ditu musikariak.
Joxan Goikoetxea, bakarka
Agustinak-Zinkoenea gune berriaren inaugurazioak Joxan Goikoetxea musikari eta konpositore hernaniarra bakarka entzuteko aukera ere emango du. Azken egunean izango da, maiatzaren 13an. Goikoetxeak 10 kantuko errepertorioa joko du. Besteak beste: Bach-en Preludio eta fuga sol menorren, Kozeluch-en Pastorala eta baita Goikoetxeak berak moldatuko zenbait herri kanta ere.