Agustindarren monja komunitatearentzat egun haundia da gaurkoa. Komentua berritzeko lanak direla-eta, lau urte pasa dituzte Hernanitik kanpora, Arabako Artzeniega herrian. Iazko abendu hasieran itzuli ziren eta gaur egingo da komentu berrituaren inaugurazio ofiziala, 11:00etatik aurrera. Komunitateak hernaniar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira, eta bereziki erlijiosei laguntza eta babesa ematen dieten guztiak. Mari Karmen Agirre da Agustinatako monja komunitateko Priorra eta bere esanetan, komunitatea oso gustora gelditu da obrarekin: «Egia esan behar baldin bada, oso gustora gaude, bai. Gainera, funtzionalitate aldetik gure eguneroko martxarako oso ondo pentsatu eta egindako obra izan da». Juan Inazio Elizondo arkitektoaren proiektua izan da. Jende asko bisitan Inaugurazio ofiziala gaur izan arren, herritar askok aspaldi eman zieten beren ongi etorri partikularra Agustinatako monja komunitateari. «Hilabete hauetan jende asko etorri zaigu bisitan, bai» adierazi dio Kronikari Mari Karmen Agirre Priorrak. Alde horretatik, Agustinatako komunitateak eskerrik beroenak eman dizkio Hernaniko herriari, beste behin ere egin dioten harreragatik. Mari Karmen Agirrek lehen ere askotan esan izan du berak herrikoak sentitzen direla eta Hernanik beti ondo hartu izan dituela.
Klaustroa, ondare historiko artistikoa
Agustinatako komenbua kanpo eta barru itxuraldatu da. Komentuaren jatorrizko zatia klaustroa eta bere ingurua da, eta ondare historiko-artistiko gisa katalogatua dago. Garrantzia hori kontuan izanik, zati hori jatorrizko egiturari eutsiz berritu da. Gainerako zatiak bota eta berria egin dira, oraingo beharretara egokituta. Garai bateko ikuilua zena osorik bota dute eta espazio txikiago bat egin. Era berean, monja bisitatzera kanpotik datozen senide eta lagunak hartzeko ere bi gelako espazio berri bat jarri dute sarrera ondoan. Agustinatako eliza, berriz, orain dela urte batzuk berritu zuten, eta oraingo obran bere horretan utzi dute.
Meza egunero, bihartik
Gaurko inaugurazio ofizialarekin Agustinatako komentuak bere betiko martxa hartuko du. Bihartik aurrera egunero izango da meza. Astelehenetik larunbatera goizeko 09:00etan eta igandeetan, berriz, 09:30etan izango da elizkizuna.
Ereñotzuko merkatari batek XVIgarren mendean sortutako monastegia
Iruñeako Gotzaitegiak 1544 garren urtean eman zuen Hernanin San Agustin monastegia egiteko baimena. Ereñotzuko Juan Martinez eta Arbideko Katalina familiak bultzatutako proiektua izan zen.
Juan Martinezen familiak burni fabrikak zituen eta merkatariak ziren. Gaur egunean Txilibita baserrian dagoen horretan (dorretxea jatorriz) etxean bizi ziren. Juan Martinez Urumeako burni produktore haundienetakoa izan zen eta komertzializatu ere berak egiten zuen penintsula eta Ameriketan. Negozio gizon haundia, justiziarekin bere gorabeherak izan zituena. Hernaniko alkate eta epaile izan zen.
Jainkoari eskerrak emateko zerbait egin nahia bazebilkien buruan. Gero, bi alabak monja sartzea erabaki zuten eta Juan Martinezek orduan monastegi bat egitea erabaki zuen. Egokiera ere parean tokatu zitzaion. Garai hartan, San Juan Eliza oraingo Agustinatan zegoen. Gora aldatu zuten eta beraz lekua egokia monastegia egiteko. Juan Martinezen bi alaba eta beste hiru monjek osatu zuten aurreneko Agustinetako monja komunitatea.