ERABATEKO arrakasta lortu du Kastillako Dorreak ikuskizunak aste honetan izan diren emanaldietan, izan ere Biteriko areto nagusiko ahulkiak bete egin ziren publikoarentzat egin ziren bi emanaldietan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez datorren astean izango diren beste 3 emanaldietarako ez da dagoeneko ez sarrera ez gonbidapenik geratzen. Emanaldiak izango dira astearte, asteazken eta ostegunean, arratsaldeko 19:45etan. Izandako arrakasta ikusita emanaldi gehiago egitea ere ari dira pentsatzen baina kontutan hartuta taula gainean 40 pertsona aritzen direla, horiek denak berriro ere koordinatzea ez da erraza izango. Emanaldian guztira 140 pertsonek hartu dute parte, ia denak hernaniarrak.
Jendea gustora
Aipatu beharrekoa da ikustera joan den jendea orokorrean oso gustora geratu dela. Ikuskizuneko gaia kartzelako basakeria izanda publikoa asko hunkitu da emanaldietan. Azpimarratzekoa da Iñigo Aranbarri eta Ander Lipus aktoreek egindako lana. Parte hartutako herritarrek ere maila eman dute, txukun aritu baitira. Behin eta berriro errepikatutako entsaioek eman dute beren fruitua.