Amonarraiz jaunak esandakoaren aurka Elkartzenek Hernaniarron garraio eskubidearen defentsan bonobusa eta bonobus soziala planteatu ditugu garraio duin eta justuago baten aldeko herraminta bezala. Dudan jartzen duzun arren, Hernaniko herrian inork ere ez du dudarik Elkartzenen borondateaz. Hemeroteka begiratzea, besterik ez dago, laburpen txiki bat egin nahi baduzu. Orain dela ia 3 urte hasi ginen garraioaren arazoaren inguruko gaia jorratzen. Orduan Elkartzenek asanblada ireki baten bitartez erabiltzaileen arazoak eta gabeziak detektatu zituen. Hilabete batzuren ondoren, 2004ko abenduan, Elkartzen bonobusa eta bonobus sozialaren aldeko pausuak ematen hasi zen herrian barrena firma bilketa abiatuz. Elkartzenek sinadura guzti hauek, udalean eta diputazioan aurkeztu zituen mozio batean. Geroztik, udalean onartutakoa noiz eta nola gauzatuko zen jarraipena besterik ez dugu egin (bi bilera Amonarraiz jaunarekin, bi bilera diputazioan Kote Olaizolarekin, Agenda 21eko bilera batean parte hartu, kalean bonobus eta bonobus sozialaren beharra azaldu...). Hau izan da Elkartzenen lana eta aportazioa. 1.700 hernaniarrek baino gehiagok defenditutakoa gainera. Adolfo Elkartzeneko kidea iraintzeaz gain azken idatzian egin genituen galderei ez diezu erantzun eta bada-ezpada berriz ere gogoratuko dizkizugu. Guk informazioa eskatu besterik ez genuen egin Hernaniko herritar guztien interesekoa dela uste baitugu, beraiek izango baitira neurriak zuzenean pairatuko dituztenak. Hauexek dira gure galderak: 1)Zer nolako akordioetara ailegatu zarete/dira diputazio eta enpresekin? 2)Zenbateko merketzea izango du iragarri zenuen bonobusak? 3)Pobreziaren mugaren azpitik bizi direnentzat (804€ baino gutxiago hilean) bonobus sozialik egongo al da? Zenbatekoa izango da? 4)Zenbateko kostua dute eta nola finantziatuko dira bonobusa eta bonobus soziala? Bitartean, apirilaren 1ean, berriz ere eta urtero bezala, autobuseko biletearen prezioa %5 garestitu da. Euskal Herriko beste herri batzuetako adibideak: Azpimarragarria deritzogu, beste hainbat herri-hiritan herritarrek autobusean bidaiatzeagatik ordaintzen dituzten prezioak ezagutzea, hala nola transbordoak egiteko aukerak, eta abar.
Ibai Goñi Elkartzeneko kidea