«Euskaraz aritzeko tartetxo bat egitea ez da ezer kostatzen eta aprobetxatutako denbora da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 29a

‘GURE artean euskaraz’ helduen artean euskaraz hitz egiteko ohitura areagotzeko programa da. Dakienak erraztasuna ez duenari erakutsita euskaraz komunikatzeko ohitura berreskuratu edo landu nahi da. Doberak, ikastetxeek, euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak antolatzen dute egitasmoa.

PILAR Alonso eta Mirari Otxandorena Gure Artean Euskaraz egitasmoan parte hartzen ari dira aurten aurrenekoz. Pilar euskaldunberria da eta nahiz eta gramatika menperatzen duen praktikatzea eta askatzea botatzen du faltan. Mirarirekin elkartzen da astean behin ordubetez berriketan aritzeko.

Nola izan zenuten egitasmo honen berri?
Mirari: Kronikan irakurri nuen. Aurreko ikasturteetan ez nuen denborarik parte hartzeko baina aurten animatu egin naiz. Nik ingelesa ikasten dut eta irakaslea ere banaiz, eta konturatzen naiz zein beharrezkoa den hitz egitea hizkuntza bat ikasteko.
Zer egiten duzue elkartzerakoan?
Mirari: Astean behin ordu betez egoten gara elkarrekin euskaraz hitz egiteko. Normalean pote bat edo kafe bat hartzen dugu tabernaren batean. Erakusketaren bat ikustera ere joan gara inoiz eta enkarguren bat egitera ere bai.  Denetariko gaiak ateratzen dira. Hasieran norbere burua aurkeztu genuen: zertan egiten genuen lan eta horrelakoak. Orain asteburuan zer egin dugun, zein pelikula ikusi dugun, errezetetaz eta horrelakoetaz hitz egiten dugu, ateratzen denaz.
Astuna egiten al da? Zer esango zeniokete jendeari animatzeko?
Mirari: Ez da astuna egiten. Konpromiso mugatua da. Jendeak horrelakoetan uste du lotura estua izango dela, baina ez da horrela. Gu astean ordubetez elkartzen gara. Gainera ez da filologo edo irakaslea izan beharrik parte hartzeko, euskaraz hitz egiten jakitea besterik ez da behar.
Pilar: Ez da ezer ere kostatzen. Astean ordubete edozeinek atera dezake nonbaitetik. Gainera euskaldun zaharren beharra dago, euskaraz aritu nahi duen jendea badagoelako euskaldun zaharrik topatu ez duena.
Behin euskaltegian maila batera iritsita aurreratzen zaila dela esaten dute. Honek balio al du motibatzeko?
Pilar: Bai, ni 7garren urratsean nabil. Gramatika asko eman dugu: subjuntibera eta potentziala falta zaizkigu. Falta zaidana da askatzea eta praktikatzea. Eta honek laguntzen du.
Zer iritzi duzue
egitasmoaz?
Mirari: Uste dut zerbitzu ezberdinak trukatzeko sistema hau berreskuratzea idea ona dela. Bartzelonan kultura asko dago jendearekin zita egiten eta ingelesa dela, katalana dela, euskara dela, geratu  eta hitz egiteko. Beste gauza askorekin ere egin daiteke truke hau.

Dakienak zailtasunak
dituenari laguntzeko parte hartzeko deia

GURE artean euskaraz egitasmoa 2003-2004 ikasturtean jarri zen martxan ikastetxeek, euskaltegiek, Doberak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak koordinatuta. Urritik ekainera bitartean irauten du baina kurtsoan zehar ere eman daiteke izena, martxan dauden taldeetan parte hartzeko. Ikasturtero 30 bat pertsonek eman dute izena. Azpimarratzekoa da badirela motibazio haundia duten euskaldun berriak euskaldun zaharren premia dutenak. Beraz laguntzeko prest dauden euskaldunak parte hartzera animatu nahi dituzte. Izena emateko Doberako telefono honetara deitu daiteke: 943-332799.
Beste herri batzuetan ere martxan daude antzeko proiektuak. Guztira 1.200 lagun inguruk hartzen du parte. Aurten lehen aldiz elkartzeko aukera izango dute Iruñean egingo den Mintza Egunean, ekainaren 3an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!