Mende laurdeneko bertso-bideak geldialdia du gaur Larre-Gainen

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 29a

1981a ezkeroztik bertso eskolan ibilitako hamaika generaziotako 90 kide elkartuko dira gaur bazkaritan. Bestalde, argazki erakusketa jarri dute Biterin.

Nor ez da pasa bertso eskolatik? galderak absurdua dirudi. Baina, duda hori izango zuten Hernaniko Bertso eskolako kideek, gaur Larre-Gainen egitekoa den bazkarirako zerrenda osatzeko. Hogeita bost urte bete ditu izan ere bertso eskolak aurten eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte urtean zehar, mende laurdena ospatzeko. Gaurko bazkarira 90 bat kide bilduko dira, hasieran bertso eskolan ibilitakoetatik gaur egunean dabiltzanetara. Xabier Amurizak 1981ean emandako ikastaro baten ondoren sortu zen bertso eskola eta geroztik bertsolari famatu, ez hain famatu, ezezagun eta bertso zale asko eman ditu, eta emango ditu.

Argazki erakusketa
Urte guztirako ekitaldiak antolatu ditu bertso eskolak eta horien barruan dago atzo jarri zuten argazki erakusketa. Hogeita bost urte hauetan bertso eskolan ibilitako kideen argazkiek osatzen dute erakusketa, xumea baina, hunkigarria. Bi astean egongo da ikusgai Biterin eta bertso eskolako kideek Kronikari esan diotenez, jendeak material gehiagorik badu eskertuko lukete uztea, Hernaniko bertsolaritzarekin zerikusia duen materiala biltzen ari baita bertso eskola. Argazkirik gehienak nahiko berriak dira, garai bateko materiala nekez bilatzen baita, baina, orduko perla ederren bat edo beste ere bada.

Ekitaldi ugari
Urtean zehar, hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu Bertso Eskolak, Udalaren laguntzarekin. Orain artean, hilean behingo bertso jarriak eta Txirrita Hernanin 2006 emanaldia izan dira eta gaur bazkaria eta argazki erakusketaren hasiera egokitu dira.

Ekitaldiak
Martxoan
Txirrita Hernanin 2006
Gaur: Bertso Eskolan ibilitakoen bazkaria.
Apirilak 28tik maiatzak 5era: ´Hitzak egin gaitu ezer` bertsolaritzari buruzko erakusketa.
Apirilaren 28tik aurrera, argazki erakusketa.
Maiatzak 6: ´BAT, BI, HIRU... INAXITO!` Umeentzako antzerkia.
Iraila: Hitzaldia.
Hilabetero: Bertso jarriak Hernaniko Kronikan.
Abendua: Bertso Lata.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!