GAUR, apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da eta zenbait mobilizazio antolatu dituzte sindikatu eta talde sozialek. Hernanin LAB eta Elkartzenek batera deitu dute kontzentrazioa, Prekarietateak hiltzen du lemapean, arratsaldeko 19:00etan, Zinkoenean, eta mural bat ere egiten ari dira Plaza Berrin. Bi taldeek salatu dute 2005ean 123 hildako izan direla lan istripuen ondorioz eta dei egin dute ´gure duintasuna eta gure osasuna defendatzera`. Azaldu dute lan istripu eta gaixotasunak ez direla kasualitatea, lan baldintza eta egoera kaskarraren ondorio baizik. Gainera, istripu eta osasun kalteen zergatiak ezagunak direla diote eta hala ere, prebentziorik ez dela hartzen. Horren adibide 2005eko datuak direla azpimarratu dute: 123 hildako, 657 istripu larri eta aitortutako 5.626 lan gaixotasun.
Patronala errudun
LAB eta Elkartzenek diote gaur egun haundiegia dela lan istripu arriskua eta horren ondorioz sortzen diren arazo larri eta heriotza kopurua. ´Egoera txarrean dauden makinak, segurtasun dispositiborik eza, zamak etengabe erabili behar izatea, mugimenduak errepikatzea, postura bortxatuak, produktu kimikoak...` eta abar luze bat dira horren errudun, salatu dutenez. Bestalde, zerbitzu sektorean, merkataritzan, bankan, ostalaritzan, irakaskuntzan, osasungintzan eta abarretan ere, arrisku ezberdinak daudela nabarmendu dute: ´lan zama etengabeengatik, arduradun edo nagusi inkonpetente eta autoritarioengatik, lanpostuaren diseinu okerragatik, gehiegizko eskaeragatik, jazarpen moralagatik...`. Honen guztiaren aurrean, prebentziorik ez hartzearen arrazoia patronalarena dela uste dute LAB eta Elkartzenek, ´bere irabaziak haunditzea nahiago dutelako, langileen osasuna zaintzea baino eta administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dutelako`. Ekimenak indartu eta salatu Lantokietan ekimenak indartzeko deia egin dute LAB eta Elkartzenek eta horrez gain, patronala salatu behar dela diote ´bera delako langileen osasun eta bizi galeraren erantzulea. Baina Patronalaren konplizeak ere salatu behar ditugu: administrazio publikoa, prebentzio zerbitzuak, mutualitateak eta zerbitzu medikoak, patronalaren interesen alde egiten dutelako` nabarmendu dute antolatzaileek.