2.496 etxebizitza berri aurreikusten ditu oraingo proposamenak, 1.025 babestuak

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 27a, 03:00

Aldaketak jasan dituzten 16 hirigintza fitxak ikusgai daude Biterin maiatzaren 21a arte. Duela urte beteko proposamenak baino 2.000 etxebizitza berri gutxiago dira aurreikusitakoak.

UDALEKO Hirigintza arloak erakusketa publikoan jarri ditu berriz ere, alegazioak egin ondoren, aldaketak jasan dituzten 16 fitxa urbanistikoak. Horien planoak Biterin jarri dituzte, baina www.hernani.net web gunean ere ikusi daitezke, baita Udaletxeko Hirigintza bulegoetan ere.

Etxebizitza gutxiago
Proposamen berriak jasotzen duen aldaketa nabarmenetako bat da 4.473 etxebizitza berri beharrean 2.496 aurreikusiko dituztela Arau Subsidiarioek, ia 2.000 gutxiago. Hala ere, 2.000 etxe horietatik 1.000 inguru jadanik onartuta edo eraikita daude. Beraz, eraikita eta eraiki gabe dauden etxebizitzak batuta, 10.151 etxebizitza izango ditu guztira etorkizuneko Hernanik Arau Subsidiario hauen arabera. Aurreko proposamenak berri bezala zenbatutako etxebizitza batzuk eraikita bezala hartzen ditu proposamen berriak eta hortik dator 1.000 etxebizitzako alde hori. Iñaki Arratibelen hitzetan, aldaketa hori egin dute, etxebizitza batzuk dagoeneko eraikita daudelako (Antziolako Puig etxeak) eta beste batzuk onartuta daudelako (Sagastiyako babes ofizialekoak). ´Aurreko proposamenak, berez ez zituen 4.473 etxebizitza aurreikusten, 3.800 inguru baizik, aurrez onartuta zeudenak kendu ezkero`, dio hirigintza zinegotziak.

1.025 babes ofizialekoak
Proposamen berriak, eraikitzekoak ziren babes ofizialeko etxebizitzen kopurua jaitsi egin du baita ere, eta legeak agintzen duen portzentaira egokitu dute kopuru hori. Guztira 1.025 etxebizitza babestu gehiagorentzako lekua izango luke Hernanik, orain erakusketan dagoen proposamen hau onartu ezkero.

Aldaketa nagusienak

Karobieta: Laubidieta ondoko baratzetan eraikitzekoak ziren 3 etxebizitza bloke ez dira eraikiko eta 18 etxebizitza gutxiago aurreikusten dira.
Latsunbe (Villas): Parke publikorako lurrak arautuko dira. 44 etxebizitza gutxiago egingo dira bertan.
Galarreta: 196 etxebizitza berri gutxiago aurreikusten dira eta horren ordez teknologia-industria gune bat arautuko da, 35.000m2-ko azalerarekin.
Florida: 145 etxe berri gehiago egingo dira: AMRk utziko dituen lurretan joango dira gehienak eta Benta-Berri ondoan babes ofizialeko 60 etxebizitzako bloke bat eraikitzea aurreikusten da. Horretaz gain, Papelera del Nortek zituen lurrak industriarako izaten jarraituko dute.
Sagastiya: Leku-Eder etxearen ondoko bi etxebizitza blokeak ez dira egingo: 36 etxebizitza gutxiago. Etxebizitza intentsitatea altua izatetik ertaina izatera pasako da Sagastiyako zenbait lekutan.
Karabel:  136 etxebizitza egingo dira (Txantxillari dagozkion babes ofizialekoak barne), Urumea erriotik apeadero tartean dauden soroetan.
Portu: 385 etxe berri gutxiago egingo dira, erreka ondoan zijoazen eraikinak ez baitira aurreikusten.
Elizatxo: 62 etxebizitza berri gehiago aurreikusten dira, horietatik 48 babes ofizialekoak.  Etxebizitza horiek Elizatxo Ikastolako atzealdean eraikiko lirateke, lau solairutako bloketan.
Santa Barbara: Mandazubiko errotonda aldean egitekoak ziren 342 etxebizitzak ez dira egingo.
Sorgintxulo: Zirkuitoko errepidera ateratzeko errotonda egingo dute, irteera soila egin beharrean.
Ibaiondo: AMR enpresa kokatzeko lurrak arautuko dituzte, Orbegozo pasata dagoen eremu batean.
Martindegi: Azkar enpresa zegoen lekuan kamioientzako aparkalekua aurreikusten da, 11.270 m2 ingurukoa. Diputazioak sustatutako proiektua da.
Zikuñaga: Poligono berria, Eziago bidean.
Lastaola: Oronako lurrak batzeko Arauak egokitzea.
Epele: Ez da poligonorik aurreikusten Electroquimica ondoko lurretan.
Altzueta: Erreka ingurua eta AHTa pasako litzateken terrenoak ez dira industrial bihurtuko. Lur eremu industrial haundiagoa aurreikusten da hala ere.
Etxarre: 383 etxebizitzak ez dira egingo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!