Aurten bigarrenez Hernaniko Txistulari jaialdia egingo da, datorren larunbatean eta igandean. Aurtengo jaialdiak ere iazkoaren antzeko egitura izango du, hau da, larunbatean txistulari gazteen txapelketa eta igandean Euskal Herriko txistulari talde ezberdinekin kalejirak. Albokak eta txalapartak gure herrian jaialdiak bazituztela-eta txistuari ere garrantzia eta protagonismoa eman nahi izan diote antolatzaileek. Euskal Herrian eta Hernanin ibilbide luzea eta jende askok gozatutako instrumentua baita txistua. Jaialdia antolatzen dute Hernaniko Musika Eskola Publikoko Txistulari Taldeak, Hernaniko Udal Txistu Taldeak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak.
Txistulari gazteen txapelketa
Txistulari gazteen bigarren txapelketa izango da larunbatean. Iaz bezala Hernani eta beste hainbat herrietako gazteek hartuko dute parte. Hiru kategoriatan banatu dituzte eta aurreneko hiru postuetan geratzen direnek sariak jasoko dituzte kategoria bakoitzean. Aipatzekoa da Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarrak egindako eskulturak jasoko dituztela irabazleek, diru sariaz gain.
Alardea igandean
Ekitaldi nagusia igandean izango da, goiz eta arratsalde Euskal Herriko txistulari talde ezberdinek txistu emanaldiak eskainiko baitituzte herrian zehar. Eguerdian bazkaltzeko mahainguruan bilduko dira.
Apirilak 29, larunbata, Sandiusterrin
Hernaniko Txistulari gazteen txapelketa
-11:30etan: A kategoria (12 urte arte) eta
B kategoria (13-16 urte)
-17:00etan: D kategoria (taldeak)
eta sari banaketa.
Apirilak 30, igandea
II Txistulari taldeen alardea
-10:00etan: Dianak, Kaxkoan eta
inguruko auzoetan.
-12:30etan: kontzertua udaletxeko arkupeetan.
-14:00etan: bazkaria Santa Barbara elkartean.
-18:30etan: kalejirak eta dantza doinuak herriko kale eta plazetan.
Parte hartuko duten taldeak: Txalkor Txistulari Taldea (Azkoitia), Durangoko Txistulariak (Durangaldea), Itsas-mendi Txistulari Taldea (Pasaia), Hernaniko Udal Txistu Taldea (Hernani), Hernani Musika Eskolako txistulariak (Hernani) eta Hernaniko II Txistulari Gazteen Txapelketako txapeldunak.
Antolatzaileak: Hernani Musika Eskola Publikoa, Txistulari taldea; Hernaniko Udal Txistu Taldea eta Euskal Herriko Txistulari taldea. Babeslea: Hernaniko Udala.