Lanaren Nazioarteko Erakundeak hauxe dio: `Pertsona gehiago hiltzen da lanean gerrateetan baino`. Hori entzuteak sindikatuen, gizartearen eta instituzioen erantzuna eragin beharko luke, gutxienez, sarraski hau geldiarazteko. Urtero 2,2 milioi pertsonak lanean bizia galtzen dute, eta laneko 160 milioi gaitz berri sortzen dira. Hori ez da kasualitatearen edo zorte txarraren emaitza, kausak eta erantzuleak baditu eta: enpresen prebentziorik eza. Euskadi ere ez dabil ondo. Enpresa askotan, istripuen prebentzioa tramite hutsa da. Horrekin Lan Ikuskaritza edo Osalaneko teknikarien aurrean beren burua zuritzea lortzen dute, baina saihestu egiten dituzte arrisku Toxikoak, Ergonomikoak eta arrisku Psikosozialak. Langileei ez diete osasunaren berariazko zaintzarik eskaintzen, eta lesio nahiz gaixotasunak Osakidetzara bideratzen dituzte, gaixotasun arruntak baliran. Gaitz horiek, ordea, istripuek baino are sufrimendu handiagoa eragiten dute, baita lanegun gehiagoren galera ere. Laneko Gaixotasunak biziki ugaldu dira estatistiketan, eta hori CCOOk gaitzok agerian uzteko egindako lanaren ondorio da. Hala ere, oraindik asko dira lan baldintza kaskarrengatik sortu eta ezkutuan daudenak. Horren adibide dira gure sindikatuak topatutakoak: laneko gorreria, alergia, asma, narritadura toxikoak, gihar-hezurretako lesioak, estresa, amiantoaren ondorioz sortutako minbizi eta arnas aparatuko gaitzak... CCOOk askotan eman ditu argitara Euskadin enpresek prebentzioan egindako hutsegiteak, eta, horrela, aldarrikapen kultura, osasunaren eta kaltetuei hobetu beharreko prestazio ekonomikoen aldekoa, bultzatu du. Esperientziak erakutsi duenez, ezbeharrak eta osasunaren kalteak eta enpresetan egindako ekintza sindikala alderantziz proportzionalak dira. Langileen eta prebentzio ordezkarien parte-hartze aktiboak prebentzio kalitatea bermatzen du. Inplikatzeak etengabeko hobetzea esan nahi du. Horregatik, inplikazio ezetik bakarrik ulertzen da Jose Elorrietaren sindikatuak Eraikuntzan, Sektoreko Prebentzio Ordezkariaren eginkizuna sortu nahi ez izatea, ezta ordezkari sindikalik aukeratu ezin den mikroenpresetan ere. Zergatik uzten du sindikatu honek, osasunaren babesa lan ikuskatzaile eta Osalaneko teknikarien esku, beste helburu sindikal batzuen alde egiten duen bitartean? Istripu eta gaixotasun sarraskia desager dadin, etengabeko mobilizazioa behar da. Horretarako oztopo onartezina da sindikatuak banatuta egotea, eta, hala jarraituz gero, koiuntura politiko berriak eskaintzen dituen aukera asko bertan behera geldituko dira. Gizarte hobekuntzarik gabe, euskal neoliberalak indartu egingo dira. Ahotsak ekimenean, jarraibidea azaldu digute, prozesu politikoan emakumezkoen papera aldarrikatuta. Langileen osasunaren alde egitea eremu egokia da zatiketa sindikal negargarria gainditzen hasteko. Apirilaren 28an, aukera bikaina dugu kontzientziak astintzeko eta lan osasungaitzaren biktimak gogoratzeko, batez ere ezkutuan utzitako ami-antoaren biktimak. Biktimak ikusarazi eta aitortzea tresnarik onenetakoa bihurtu zaigu lan baldintzak hobetzeko. Guztiok esku hartuta, sufrimendu izugarri hori arindu dezakegu, benetako prebentzioa egin daiteke eta.
Jesús Uzkudun CCOO Euskadiko Langile Komisioak