Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 5a arte zabalik

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 25a, 03:00

Behin betiko matrikula ekainaren 30etik aurrera egin behar da. Hernani Institutuak 3 modalitate ditu aukeran: Natur eta Osasun Zientziak, Teknologikoa eta Giza eta Gizarte Zientziak.

BATXILERGOAN aurrematrikula egiteko epea ireki da ikastetxe ezberdinetan eta unibertsitate eta goi mailako zikloetan sartzeko asmoa duten ikasleek erabakitzen hasi beharko dute zein bide aukeratu nahi duten ikasketekin jarraitzeko. Batxilergoan sartzeko aurrematrikulazio epea maiatzaren 5ean bukatzen da. Batxilergoan eta baita lanbide heziketan behin betiko matrikula egiteko epea ekainaren 30etik uztailaren 6ra izango da. Gaur egun hiru batxilergo modalitate nagusi daude: Arteak; Natura eta Osasun Zientziak; Teknologia; eta Giza eta Gizarte Zientziak. Horrez gain, badago Musika eta Dantza batxilergoa ere. Batxilergo bakoitzean derrigorrezko eta hautazko irakasgaiak daude. Ikasleek arreta haundiz aukeratu behar izaten dituzte aukerazko irakasgaiak. Izan ere, batxilergo bakoitzaren barruan ibilbide ezberdinak egiten dira, aukeratutako ikasgaien arabera, eta horrek baldintzatuko du zein karrera edo goi mailako ziklo aukeratuko duen ikasleak.

Hernani Institutuan 3 batxilergo modalitate
Hernani Institutua da herrian batxilergo ikasketak eskaintzen dituen ikastetxe bakarra eta bertan hiru batxilergo daude aukeran: Giza eta Gizarte Zientziak; Teknologikoa; eta Natur eta Osasun Zientziak. Dagoeneko banatu dituzte aurrematrikulazio orriak herriko ikastetxe ezberdinetan, baina norbere kontu ere joan daiteke Karmelo Labaka edo Agustin Iturriaga (Santa Barbara) eraikinera izena ematera, honako bulego ordutegian: astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 14:00etara; eta astelehen eta asteazkenetan arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Maiatzaren 3an Hernani Institutuan ateak irekiko dituzte, ikastetxea eta bertako eskaintza ezagutu nahi duenarentzat. Agustin Iturriagako eraikinean arratsaldeko 18:00etan, eta Karmelo Labakan arratsaldeko 19:00etan.

Emaitza onak
Kepa Zamalloa Hernani Institutuko zuzendari berriak azaldutakoaren arabera, Hernani Institututik selektibitatea egitera joaten diren ikasleen %97ak gainditzen du azterketa aurrenekoan eta %100ak errekuperaketan. Horrez gain, ikasleen emaitzen jarraipena egiten dute eta Zamalloak dio unibertsitate edo zikloetako notak, institutuko noten bataz bestekoekin alderatuta antzekoak izaten direla. Euskara eta historia irakasgaietan aldiz goitik ibiltzen direla ere aipatu du zuzendariak datu hauei erreparatuta.

Orientazioa eta tutoretzak
Batxilergoen ibilbideak eta gerora aukeratu beharreko ikasketak direla eta ikasle asko galduta ibiltzen dira, zer aukeratu ez dakitela. Horri buruz galdetuta, Hernani Institutuko zuzendariak azaldu du, batxilergoetako bi kurtsoetan orientatzailearekin elkarrizketa pertsonalizatuak izaten dituztela ikasleek, baita tutoretza saioak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!