«Jendeak giro lasaian entzuteko helburuarekin jartzen dugu musika Tilosetan, ez dantzarako»

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 23a

Udaberriko Igandeko Sargoria izenarekin, musika jartzen ariko dira Tilosetan, aurten laugarren urtez. ´Normalean entzuten ez diren musika estiloak` izango dira aukeran eta gaur Aritz Usandizaga, Aritz Sound Systemek emango dio hasiera bost saioetako lehenengoari. Musika Beltza jarriko du Tilosetan, 18:00etatik 20:00etara.

Normalean taberna, areto, txosna eta horrelakoetan aritzen dira musika jartzaileak, Aritz Sound System hernaniarra bai behintzat, eta dantzarako erritmoak izaten dituzte beren saioen oinarri. Udaberriko Igandeko Sargorian, ordea, jendeak musika entzun ahal izatea da helburua eta berak ere horretara bideratuko du saioa: ´erritmo lasaiagoak jartzen ditugu normalean Tilosetako saio hauetan, jendeak lasai entzuteko modukoak, eta parranda giroan jarri ezin direnak`. Musika Beltza jarriko du: reggae, rap, afrikar musika, brasildarra... aurtengo lehenengo saioan. Orain arteko hiru urteetan 30 bat saio egin dituzte Hernanin Igandeko Sargoria izenarekin, eta gustora daude izan duen erantzunarekin.

Musika adiktoak
Musika adiktotzat dute musika jartzaile hauetako askok beren burua. Hala ere, entzule guztientzako musika jartzen saiatuko da gaur Aritz Sound System: ´reggae musika jarri behar badut ez dut reggae esperimental bat jarriko Tilosetan, jendeak errazago hartuko duen musika jarriko dut. Baina, gure estiloen barruan komertzialena ere ez dugu jarriko, normalean entzuten ez diren musika mota batzuk zabaltzea ere bai baita gure lana`.

Aukera gutxi
Modu honetan musika jartzen den leku bakarretakoa izango da Tilosetakoa, musika jartzaile hernaniarrak Kronikari esandakoaren arabera: ´Londresen-eta ohitura bada horretarako eta jendeak ordaindu eta guzti egiten du musika entzuteagatik. Baina, hemen jai giroan bakarrik en-tzun liteke horrelako musika eta oso leku gutxitan. Esparru hori ireki nahi dugu guk Udaberriko Sargoriarekin`. Berak eta Hernanin izango diren besteek jartzen dutena ´normalean jendeak entzuten ez duen musika da` Aritzek dioen moduan ´bilatu egin behar da, ez zaizu iritsiko`. Garai batean diska dendetara joanda, Londresera bidaiak eginda edo beren moduko adiktoekin trukatuta lortzen zuten musika mota bat edo beste, baina, gaur egun internetek ate asko ireki ditu; baina bilatu egin behar da. Bost musika jartzaile Oraingoz bost musika jartzailek Tilosetan musika jartzeko asmoa badute, nor noiz ariko den zehazteko badago ere: l Aritz Sound System bera: musika beltza jarriko du. l Daddy Jeff Hernanin bizi den donostiarra: rap musika jarriko du. l Sebas donostiarra: brasildarra eta techno suabea jarriko du. l Mik Dirty Vynil Hernanin bizi den londrestarra: musika Elektro eta Dub-a jarriko du. l Raul, Hernanin bizi den kubatarra: reggae musika jarriko du.

Bost saio
Oraingoz bost data jarrita daude, aldaketak izan balitezke ere: gaur, maiatzaren 7an, maiatzaren 21ean, maiatzaren 28an eta ekainaren 11ean. Ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!