ABIADURA Haundiko Trena egiteko obrak hasteko hitzarmena sinatu zuten astelehenean Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Bi administrazioek elkarlanean egingo dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako obrak. Zehatzago, Eusko Jaurlaritzak egingo ditu Gipuzkoako ia ibilbide osoko obrak eta Espainiako Sustapen Ministerioak Araba eta Bizkaikoak. Obrak 2010erako bukatuta egotea nahi lukete. Aurrekontua 4.178 milioi eurokoa da, hirietarako sarrerako obrak kontuan hartu gabe. Horietatik 1.642 milioi euro Bergara-Donostia-Irun tramoa egiteko erabiliko dira, eta hori da, hain zuzen, Jaurlaritzak egin eta ordainduko duena.
Hernanin fetxa jakinik ez oraindik
Nuria Lopez Guereñu, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailetako Sailburuak komunikabideei azaldutakoaren arabera, Gipuzkoan obrak urte bukaeran hasiko dira Ordizia-Itsasondo zatian. Hala ere, Jarraipen Batzordea osatu beharko dute orain AHTaren tramo ezberdinak aztertu, eginda dauden lanak ikusi eta falta direnak zehazteko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko prentsa bulegoak Hernaniko tramoaz galdetuta azaldu du oraindik goiz dela esateko Hernanin obrak noiz hasiko diren: ´orain hitzarmena sinatu da Eusko Jaurlaritzak obren konpententzia izan dezan. Gipuzkoan barnekaldeko tramo batekin hasiko dira aurten eta datorren urtean, ahal den neurrian, toki batean eta bestean, batera hasiko dira obrak` azaldu du. Momentuz Hernani-Urnieta zatia (5,4 kilometrokoa) proiektu fasean dago eta obrak ez daude adjudikatuta. Prentsa bulegoak aurreratu du Gipuzkoan barnekaldean hasiko direla obrekin, hiriburuetara sarrerak konplikatuagoak baitira. Beraz, pentsa liteke Hernani eta inguruko zati hau eraikitzen azkenetarikoa izango dela, Hernaniko hau Donostiarako sarrera izango baita.
Alternatiba eske
Tren Sozialaren aldeko Sarea osatzen duten eragileek AHTa geldiarazteko eta Euskal Herriak behar duen tren sarearen inguruko hausnarketa bultzatzeko deia egin zuten, astelehenean bertan. Bertan bildu ziren: EKA, Ekologistak Martxan eta Ezkio- Itsaso gizarte eragileak; ELA, EILAS, LAB, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuak; eta Batasuna, Ezker Batua, Eusko Abertzaleen Ekintza, Aralar eta Zutik alderdi poilitikoen ordezkariak. Horrez gain AHT Gelditu! Elkarlanak kontzentrazioa egin zuen astelehenean Ajuria Enea aurrean ´teknokraten operazio politikoa eta AHTaren inposizioa` salatzeko.
Trenaren ibilbidea Hernanin
Hernaniko Udaletxeko Hirigintza Sailean Eusko Jaurlaritzak 2001ean osatutako planoak daude. Horren arabera, trena Akarregi eta Zikuñaga artean 780 metroko tunel batean barrena joango litzateke eta Ibarluze poligonoan aterako litzateke 17 metro altuko biadukto batera. Elorrabi, Iparragirre eta Altzueta sagardotegi ondotik pasako litzateke ondoren eta 200 metroko tunelean sartu. Osiñagan aterako litzateke gero, Eizmendi eta Otsua-Enea sagardotegien ondoan. Osiñagako tuneletik irteeran, 22 metroko altueran joango litzateke biadukto batean. Arrilimoi erreka zeharkatu eta 2.440 metroko tunel batean sartuko litzateke, Urnieta aldean ateratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko Prentsa Bulegoak azaldu du trazatu honek ez duela apenas aldaketarik izango: ´izanez gero aldaketa txikiak izango dira arrazoi teknikoengatik egin beharrekoak`.