Hernani-El Salvador: elkar ezagutzen ez duten bi talde haundi aurrez aurre gaur Landaren

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 22a

Hernaniko jubenilek hiru talde haundi izango dituzte aurrean gaur eta bihar, estatuko txapelketako final laurdenetan. Estatu mailan jokatzen diren zortzi liga nagusietako bi talderik onenek jokatzen dute estatuko txapelketa eta Hernani ere goiko postuetan ibiltzen da gehientsuenetan. Gaur El Salvador, Valladolideko taldea, izango du aurrean Hernanik. Jubeniletan zein maila duten ez dakite hernaniarrek, baina, goiko kategorietan dituzten taldeak ikusita, ez dira txarrak izango. Gaurko partiduak garrantzi berezia du gainera Hernaniko taldeko arduradunen hitzetan, ondo hasita animuak asko igotzen baitira eta beste taldeengan presioa haundituko luke horrek. Bihar Iruña eta Santboiana Bihar, goizeko 10:50etan, Iruñaren kontra jokatuko du Hernanik eta 12:30etan Santboiana talde ezagunaren aurka. Bi partidu zail izango dira, borroka latz egin beharrekoak. Iruindarrak teknikoki gutxiago dira hernaniarrak baino, baina, indar haundiko mutilak dituzte eta fisikoki oso ondo prestatuak. Santboianak, berriz, bost jokalari ditu Espainiako Selekzioan eta horrek berak erakusten du taldearen maila. Hernanik taldea osorik Beste taldeek adina errespetu sortzen du Hernanik ere besteengan, zerbaitegatik ibiltzen baita beti goiko muturrean. Gainera, Oier Garmendia bueltatu da Espainiako selekziotik eta Jon Otxotorena ere jokatzeko moduan da. Beraz taldea osorik izango du gaur eta biharko partiduetarako. Etxean jokatzea Hernanik final-laurdenak etxean jokatzea nahi zuen aurten, horrek mesede egin dezakeelakoan: ´bidaiak, etxetik kanpora lo egitea, ohiturak aldatzea... aukeran nahiago genuen etxean jokatzea` esan digute arduradunek. Eta horretako lanak ondo egin ditu taldeak, Euskal Herriko txapelketa lehen postuan bukatu behar baitzuen final-laurdenetako fasean Landaren jokatzez gero. Bidaiak dakarren nekerik ezak eta afizioaren beroak hernaniarren alde jokatu behar dute, lehen postu desiratua lortzeko guztien beharra izango da-eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!