Euskal Herriko Pilota Konfederazioak eta Valenciako (Venezuela) Euskal Etxeak antolatuta Euskal Komunitateen Nazioarteko Txapelketa jokatu dute Venezuelan. Garbiñe Tijero hernaniarra izan da paleta goman jokatu duenetako bat eta atzo artean emaitza oso ona lortu zuten berak eta Miren Randez donostiarrak. Bi partidutatik biak irabazi dituzte gipuzkoarrek eta atzo jokatzekoa zen finalera sailkatu ziren. Finala nafarren kontra jokatu zuten. Kronikak erredakzioa itxi zuenean, artean, emaitzarik ez genekien eta emango dugu jakitera.
Aberri Egunean, partidu gogorra
Tijerok eta Randezek Aberri Egunean jokatu zuten bigarren partidua eta 30-29 irabazi zuten. Aberri Eguna ospatzeko aukera ere izan zuten gainera Venezuelan, Tijerok jakitera eman digunez, euskal dantzak, bazkaria eta erromeria izan baitzituzten. Tijero eta Randezekin batera, 16 pelotari gehiago ere joan dira Venezuelara, Euskal Herriko Pilota Konfederazioarekin.
EHPKk eta ESAITek aurkeztu zuten txapelketa
Euskal Herriko Pelota Konfederazioko eta ESAITeko kideak izan ziren Venezuelako Valencian jokatu den txapelketa aurkezpenean. Euskal Herriko pelotarien ordezkari, aldiz, Garbiñe Tijero eta Miren Randez izan ziren. Txapelketaren helburuak harremanak sendotzea eta 2006ko mundialari begira hausnarketa bat egitea izan dira, prentsaurrean nabarmendu zutenez. Mundialean Euskal Selekziorik ez da izango eta aurrera begira beste ekintza batzuk antolatzea dute helburu.