‘Erasotzaileari esan’ eskutitz lehiaketa: indarkeriari buruzko gogoeta, literatura bidez

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 22a

BERDINTASUN Kontseiluak Erasotzaileari esan eskutitz lehiaketa antolatu zuen eta Udalak lehiaketari buruzko balorazioa helarazi dio Hernaniko Kronikari. Emakumearen kontrako indarkeria gaia hartuta, 21 pertsonek hartu zuten parte eta horietatik 10 eskutitz euskaraz idatzi ziren eta 11 gaztelaniaz. Udalak dio gero eta gehiago direla ´egungo gizartea astintzen duen arazo lotsagarrienetako baten` aurka hartzen ari diren neurriak. Baina, hala ere, gogorarazten du, oraindik ere bikotekideak hildako emakumeen zerrenda etengabe ari dela hazten. Udalak uste du bide horretan gizarteari zuzendutako heziketa planek eta sentsibilizazio kanpainek garrantzia haundia dutela eta aipatzen du zeresan haundia dutela ´Hernaniko Berdintasun Kontseilua bezala, errealitate gaizto honekin amaitzeko lan egiten ari diren gizarte eragileek`.

Literatura bidezko gogoeta
Udalak dio eskutitz lehiaketa honek arazoari aurre egiteko bide berri bat ireki duela, literatura bidezkoa: ´ezagunak ditugu herri gehienetan antolatu ohi diren amodiozko gutunen lehiaketak, eta lehiaketa honek tresna berbera erabiliz, horrenbeste min eragiten duen arazo bati buruz jarduteko aukera ematen du, dakigun moduan, isiltasuna indarkeria mota honen lagunik fidelena baita`.

Lanak ikusteko aukera
Eskutitz lehiaketako irabazleak bi izan dira: Eguzki Lore ezizenaz sinatutako eskutitz anonimoak jaso du euskarazko lan hoberenaren saria, eta Jose Luis Dominguez Rodriguez Rangak, gaztelerazko saria jaso du. Eguzki Lorek sinatutako gutunari buruz Udalak dio, gutun laburra baina sakona dela aldi berean, esaldietan zehar errima eta erritmoak lantzen dituena. Jose Luis Dominguezena aldiz, luzeagoa eta deskribatzaileagoa dela azaldu du. Hau ere sakona. Gutunak irakurri nahi dituenak aurkeztutako karta guztiak irakurtzeko aukera izango du, bai Udaletxean eta baita Biteri kultur etxean ere. Irabazleen eskutitzak www.hernani.net helbide elektronikoan aurkitu daitezke osorik. Udalak aurreratu du litekeena dela aurten ere Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean, lehiaketa honen bigarren atala deitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!