Bildu Hernanik proposamena aurkeztu du Udalean, Tilosetako eta Plazako proiektua atzera bota eta eztabaida zabaltzea eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 22a

Bildu Hernani plataformak proposamena aurkeztu du Udalean Tilos eta Plazako proiektuaren inguruan eta Hernaniko Kronikari ere helarazi dio. Bere hitzetan proiektua ez da herritarren gustokoa eta Tilos eta Plaza ´herriaren bihotza` izanik, gune hauei dagokien edozein proiektuk ´herritarren arteko eztabaida luze eta zabalaren ondorio` izan behar duela. Bestalde, proposatzen diren aldaketekin ados ez dagoela dio: ´Kioskoa botatzea ez dugu ondo ikusten, eta proposatutako eraikuntza-kiosko berriak egungo pasealekuaren estetika guztia hautsiko duela irizten dugu. Bestetik, Tiloak eta plazako zuhaitzak botatzea sekulako astakeria iruditzen zaigu. Proiektuak logikarik ez duela iruditzen zaigu eta horregatik goitik behera baztertzen dugu` azpimarratu dute. Tilosetako zuhaitzak bota eta kioskoa lekuz aldatzeko proposamen horri alegazioa aurkeztu dio Udal Gobernuak berak ere.

Irizpideak hitzartu Hernaniko
Udalak proiektu bat enkargatu zion Dubega Ingenieros enpresari, eta proiektua erakusketa publikoan egon da, jendeak ikusi eta alegazioak aurkezteko. Udal ordezkarien hitzetan, prozesua azkartu nahi izan da horrela eta alegazioetarako legeak eskatzen duena baino denbora luzeagoa jarri dute ´herritarrek parte hartzeko denbora gehiago izan dezaten`. Bildu Hernani plataformari ez zaio gustatu prozedura hau eta ´justu kontrakoa` izan behar duela azpimarratu du: ´lehenik eta behin herritarrekin eta elkarteekin elkarlanean gune hauetarako dauden beharrak eta espektatibak aztertu eta eztabaidatu behar dira eta honen ondoren denon artean ahalik eta kontsensu haundiena bildu. Partehartze eta eztabaida prozesu honetatik atera beharko lukete proiektua enkargatzeko irizpideak` adierazi dute. Herritarrak galduta Alegazioak aurkezteko aukeraz, BHk adierazi du proiektua ´prentsan agindu bezala ez da kiroldegian jarri jendeak ikusteko eta azalpen publikorik ez denez egin, Hirigintza bulegora informazioa jasotzera jo duten herritarrak Karpeta haundi baten aurrean galduta aurkitu dira`.

Proposamena
Eztabaida prozesu bat abiatzeko eskatu dio BHk Udalari eta horretarako abiapuntua ez izatea erakusketa publikoan egon den proiektua ´gaur egungo egoera baizik`. Plataformaren ustez ondorengo puntuak behintzat aztertu beharko lirateke eztabaida horretan:

-´Gudarien Plaza eta Tilosak birmoldatzeko arrazoiak`.

- ´Birmoldaketak zer helburu lortu behar dituen`.

- ´Bi guneak egun duten erabilpena aztertzea`.

-´Etorkizunean bi gune horietan mantendu, hobetu edo gehitu nahi diren erabilpenak`. 

- ´Birmoldaketan zein gai diren teknikoak: azpiegiturak....`

-´Birmoldaketaren zein gai diren herritarrek erabaki ditzaketenak`.

-´Proiektuaz aparte herrian zein asmo dauden gune hauen inguruan: (frontoia estaltzeko proposamena, Perco azterketak egindako proposamena.....)`.

Udalari eskatu diote proposamen honetatik abiatuta ´edo Udalak irizten dion beste batetik`, eztabaida zabaltzea ´baina herritar guztiei zabaldua eta partehartzea bermatuko duena`. Bestalde, Bildu Hernanik berak asmoa azaldu du eskatzen duen eztabaidan parte hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!