Lehen kolpearen ondoren zenbat antxoa sartuko zain daude arrandegietan

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 22a

Berdelaren denboraldia amaitzean hasten da antxoarena. Berdela itsas goietan egoten da eta hura joatean, antxoa-bankuak azaltzen dira goialdera, apiril aldean hain zuzen. Antxoa harrapatzeko denboraldiak ekaina bukaera arte iraungo du, eta udaran antxoek erakarritako hegaluzeak harrapatzen hasiko dira Kantauriko arrantzaleak. Iaz ez zen batere antxoarik harrapatu Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean, horrek krisi larria sortu zuen arrantza munduan eta Europar Batasunak arrain klase hori harrapatzea debekatu zuen. Aurten ikusmin haundia izan da antxoarik ba ote dagoen jakiteko eta astearteko kolpe haundiak (104.000 kilo harrapatu zituzten) itxaropena sortu du askorengan. Hala ere, asteazkenean laurdena sartu zen portuetan; ostegunean zortzi kaja bakarrik Kantauri osoan; atzo berriz, ezer ere ez.

Arrandegietan zain daude
Kronika herriko arrandegietan galdezka aritu da. Bertan azaldu dutenez oraindik goiz da jakiteko nola datorren antxoaren kanpaina: ´Iaz ere kolpe haundi batekin hasi zen eta gero ez zen ezer sartu`, diote Itxaspe arrandegian. Mariferen ustez arrain-bankuak jarraian etorri daitezke edo aldian-aldian ´hori ez dago jakiterik`, dio. Amaia arrandegian iritzi berbera dute eta entzuna dute ura hotz xamar ote dagoen oraindik. Jendea bertako antxoa jateko irrikaz dagoela dirudi eta asteartean harrapatutakoa segituan saldu zen arrandegietan. Itxaspen, telefonotik deika eta deika ari zitzaizkien antxoarik ba ote zegoen galdetzeko. Amaia arrandegian azaldu dutenez, normala da orain horrelako ikusmina izatea, iaz ez baitzen kasik antxoarik izan eta hauek dira sartu diren lehenengoak: ´Hemen beti izan gara antxoa zaleak, gustora jaten da arrain hau eta normala da orain jendea irrikaz egotea, nobedadea da`, dio Amaiak.

9 euro inguru lonjan
Asteartean antxoa 9 euro inguruan saldu zen portuetako lonjatan, lehenengo orduetan. Amaiaren hitzetan ´lehen orduan beti da garestiago, erosle gehienak orduan joaten baikara, arrandegia ireki baino lehen`. Beranduago itsasontziren bat edo beste sartu zen asteartean eta 6’5 eurotan saldu zen orduan antxoa. Prezio horri BEZ eta bestelako zergak gehitu behar zaizkio. Hala ere, diotenez, prezioak kontserberek markatzen dituzte, batez ere antxoa haundia datorrenean: ´antxoa haundia interesatzen zaie, xerra gehiago ateratzeko eta orduan prest daude arraina garestiago erosteko, asteartean pasatu zen bezala`. Ostiralean Tarragona eta Frantziako antxoa besterik ez zegoen Hernaniko arrandegietan. Bertakoa baino merkeagoa da eta urte osoan izaten da aukeran. Hala ere, azken aldian gutxi harrapatzen ari dira eta prezioa garestitu egin zaio antxoa horri ere.

Azkeneko berdelak salgai
Denboraldiko beste arrain bat berdela da, laster amaituko da kanpaina eta aurtengoa iazkoa baino eskasagoa izan da ´iaz asko harrapatu zen` diote Itxaspekoek. Aurtengo berdela, gainera, normalean baina txikixeagoa dela uste dute arrandegietan. Berdelak salmenta ona izan du azken urteetan, prezio merkea du (4-5 eurotan zegoen ostiralean) eta ugari dago oraindik Kantaurin. Jaurlaritzaren kanpainak eta Argiñano bezalako sukaldariek bultza dute jendea berdela jatera: ´Lehen hemen ez zen ikusi ere egiten`, diote Amaia arrandegikoek.

 Antxoa, ederra bezain ona
ASTE honetan Euskal Herriko portuetan sartutako antxoa tamaina haundikoa izan da eta adituen ustez ´ederra` eta ´ona`. Marifek ere hala uste du: ´Tarragonakoa edo Frantziakoa  ona da, baina itsusiagoa. Asteartean hemen sartutakoak sekulako itxura zuen, urdin-urdina eta eskuetatik alde egin behar zuela zirudien, beste gauza bat da`, dio.
Amaia arrandegian diote orain arte sartutako antxoa ona eta garbia izan dela: ´Batzuetan beste arrainen hegalekin zaurituta etortzen dira edo poltsa zikinekin, baina hauek garbi-garbi etorri dira`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!