Langabeziak %9ko muga gainditu du Hernanin eta duela hiru urteko mailan jarri da

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 21a

HERNANIN 831 langabetu erregistratu ziren martxoan INEMeko bulegoetan, iazko abenduan baino 40 lagun gehiago. Igoera horrek ekarri du langabezia tasa duela hiru urteko mugetan jartzea, biztanleria aktiboaren %9,1an hain zuzen ere. Urte hauetan %8 inguruan ibili da Hernaniko langabezia tasa, baina azkeneko hilabeteetako datuek igotzeko joera nabarmena erakutsi dute: abenduan 791 langabetu erregistratu ziren, urtarrilean 829, otsailean berriz, 843ra igo zen langabetu kopurua eta martxoko datuen arabera 831 langabetu daude momentu honetan. Hala ere, estatistikek erakusten dutenez, langabeziak gora egiten du, ia beti, urteko lehen hiru hilabetean, baina aurtengo gorakada oso nabarmena izan da eta azken aldiko tasa altuenean utzi du langabezia. Emakumezkoen langabezia jaitsi egin da Langabeziaren igoerak ez du berdin eragin gizonezko eta emakumezkoetan. Emakumezkoen artean langabetu gutxiago dago orain abenduan baino eta langabetuen %66tik %59 izatera pasatu dira emakumezkoak. Sektoreei dagokionez, joera ez da aldatu eta berriz ere langabetu gehienak zerbitzuetan erregistratu dira, eta horren ondoren industrian. Bestalde, lanik gabe daudenen erdia baina gehiagok bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu gabe dauzkate, INEMeko datuen arabera eta 35 eta 40 urte artekoetan aurkitzen da paro gehiena.

Gipuzkoan beherago
Hernaniko langabeziaren igoera bat dator Gipuzkoako joera orokorrarekin. Gipuzkoan ia mila langabetu gehiago erregistratu dira joan den abendutik martxora eta langabeziak %3,8 egin du gora epe horretan, 25.368ra iritsiz, biztanleria aktiboaren %7,8. Hala ere, Hernaniko kasuan igoera puntu bat altuagoa izan da (%4,8) eta langabezia tasa Gipuzkoakoa baino puntu eta erdi haundiago izaten jarraitzen du.

Kontratuen gehiengoa behin-behinekoa da
Sindikatuek martxoko langabezi datuak aztertzerakoan kontratuen gehiengoa behin-behinekoa dela azpimarratu dute, eta horrek lan baldintza prekarioak ekarri ditzakeela. Hernaniko kasurako, INEMeko kontratazio datuek agerian uzten dute behin-behinekoak direla lan merkatuko kontratuetan nagusi. Martxoan hernaniarren artean egin ziren 483 kontratuetatik 435 behin behinekoak izan ziren, hau da, kontratu guztien %90. Soilik 37 kontratu indefinitu egin ziren hilabete horretan Hernanin, horietatik 22 izan ziren hasiera-hasieratik indefinitu eta beste 15 behin-behinekotik indefinitu izatera pasa ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!