LIBURUAREN Nazioarteko Eguna kointzidentzia batek sortu zuen. Gaurko egunez hil baitziren, orain dela 390 urte, literaturaren maisu kontsideratu izan diren hainbat idazle ezagun: Garcilaso de la Vega, Shakespeare eta Cervantes. Hori dela eta UNESCOk Liburuaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen apirilaren 23a. Aurten igandea egokitu da. Hala ere, liburu azokak eta ekitaldiak ostiral eta larunbatera aurreratu dituzte. Donostian, esaterako, azoka egin zuten ostiralean eta liburutegi moduko bat jarri zuten Gipuzkoa plazan.
Hernanin ere izaten du eraginik liburuaren egunak
Hernaniko liburu dendatan ere izaten du eraginik liburuaren egunak. Urtero %10eko deskontua egiten dute eta dendatatik kanpora ateratzen dituzte liburuak, jendeak ikusi ditzan. Leokadistin aurten ere egin dute hori, atzo eta herenegun, hain zuzen. Bestalde, liburutegian Saski-Naski azoka antolatu dute, sobran dauden liburuak jendeak ikusi eta etxera eraman ditzan, hala nahi izan ezkero. Azokak maiatzaren 19ra arte iraungo du eta nahikoa da liburutegiko erabiltzaile txartela erakustea liburua etxera eramateko.
Lehen baino liburu gutxiago saltzen da
Hernaniko liburu dendatan somatu dute lehen baino liburu gutxiago saltzen dela. Leten uste dute hori dela orain aisialdirako aukera gehiago dagoelako eta baita dirua beste zerbaitetan gastatzen delako ere: ´mobil batek, adibidez, asko balio du, eta denok dugu horrelako bat` diote. Leokadistin berriz, jendea liburuen prezioaz kejatzen dela diote. Liburu motari dagokionez, eleberria da gehien saltzen dena. Duela bi urte ezkeroztik Codigo Da Vinci izan da liburu izarra, eta azkenaldian La Sombra del Viento liburua asko saldu da. Toti Martinez de Lezearen nobelak edo Jon Arretxeren bidaia liburuak ere oso gustoko ditu jendeak. Bestetik, gidaliburuak, sukaldaritzakoak eta abar, beti saldu izan direla diote liburu dendetan.