UDALEKo Euskara Zerbitzuak dirulaguntzak emateko oinarriak arautu ditu duela gutxi. Oinarri horien bidez, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte euskara ikasten ari direnek edo UEUko uda-ikastaroetan parte hartu nahi dutenek. Horretaz gain, merkatariek aukera izango dute errotuluak euskaraz edo elebitan jartzeko. Aurtengo dirulaguntzen kopurua 26.000 euro dira guztira. Euskara Zerbitzutik azaldu dutenez, onartutako oinarriek ez dute funtsezko aldaketarik izango, baina oinarriak arautzearekin batera, dirulaguntza deialdia formalizatu egin dute eta herritarrek inprimaki bat bete beharko dute laguntza horiek eskatzeko.
Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak
Dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintza batzuk bete beharko ditu eskatzaileak eta laguntzaren portzentaia ere horren araberakoa izango da. Euskaltegietan euskara ikasten ari direnek edo UEUko ikastaroetan parte hartu nahi dutenek Hernanin erroldaturik egon beharko dute derrigorrez, esaterako. Euskera ikasten ari direnen kasuan baldintza gehiago ere badaude: klaseetara azaldu eta ebaluazio-probak egitea, besteak beste. UEUko ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, aldiz, ikasleak, jubilatuak edo langabeak behar dute izan, laguntza jasotzeko Merkatariei dagokienez, establezimendu berrien errotuluentzat edo errotulua berritu duten establezimenduentzat izango dira dirulaguntzak.
Eskabideak eta epeak
Eskaera egiteko orduan, hainbat dokumentu aurkeztu behar dira, inprimakiarekin batera: nortasun agiria, errolda agiria, gastuaren justifikazioa eta abar. Dokumentazioa Udaletxeko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko da eta deialdiaren inguruko informazio gehiago nahi duenak ere hara jo beharko du edo bestela www.hernani.net orrialdean begiratu.