Gudarien Plaza eta Tiloseta berritzeko proiektua erakusketa publikoan da Hirigintza Bulegoan (Udaletxeko 4garren solairuan), jendeak ikusi eta alegazioak aurkezteko. Bihar bukatuko da esposizio publikoa, hilabeteren ondoren, eta Jose Antonio Cuesta zinegotziak Kronikari esan dionez, ez dizkiote alegazio asko aurkeztu orain artean. Proiektu biak garrantzia haundikoak dira hernaniarrentzat eta zenbait iritzi eta eskaera bai, sortu ditu Gobernu Batzarrak otsailaren 16an onartu zuen proiektuak.
Bilerak egitekoak
Obretako zinegotziak Kronikari esan dionez, bilerak egitekoak dituzte Kaxko auzo elkartearekin eta dendariekin, esposizio publikoa bukatu ondorenean. Bere hitzetan proiektuak zuzenean eragiten dietenak dira auzotarrak eta merkatariak, eta oso kontutan hartuko du Udalak beren iritzia.
Iritzi desberdinak
Otsailaren 7ko Herri Lan Batzordean eztabaidatu eta otsailaren 16ko Gobernu Batzarrak onartu zuen Gudarien plaza eta Tiloseta berritzeko proiektua. Geroztik zenbait erreakzio eta iritzi sortu ditu. Gobernu Taldeak berak alegazioa aurkeztu dio Dubega Ingenieros enpresak egindako proiektuari: alegazioa besteak beste, tiloak botatzearen eta Tilosetako kioskoa tokiz aldatzearen aurka azaltzen da. Horrez gain, BHk ere bere iritzia azaldu du gai honen bueltan eta ´eztabaida zabala` eskatu du. BHk uste du herritarrei erraztasunak eman behar zaizkiela proiektuari buruzko beren iritziak emateko. Kronikak jasotako beste zenbait iritzi ere badira proiektuaren inguruan, besteak beste, Tilosetako tabernariena: Tilosetan iturriak jartzeko eskaria egiten dute, haurrek ura edan ahal izateko.
Pelotalekua estaltzeko aukera
Proiektuak ez du biltzen Tilosetako pelotalekuan inongo aldaketarik, baina, estaltzeko aukera azaldu da, bai herritarren aldetik eta baita Udaletxe bertatik ere. Aldeko eta kontrako iritziak sortzen ditu Tilosetako pelotalekua estaltzeko aukerak: estetikoki irekia dotoreagoa izan liteke, baina, euri egunak asko dira hemen, eta erabilera asko mugatzen du irekia izateak. Jose Antonio Cuestak iritziak eta aukerak ikusi eta erabaki egin beharko dela azpimarratu du.
Plazako lurra eta Tilosetako kioskoa
Proiektuak gauza asko biltzen ditu, besteak beste: plazan, zorua edo lurra aldatu eta leunagoa jartzea; zuhaitzak botatzea, argiztapena hobetzea eta fatxadetako tubo eta kableak ahal den neurrian ezkutatzea. Tilosetan, berriz, proposatzen da sarrerak moldatzea oinez ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzat; frontoiak elizarekin egiten duen trinketea berritzea; kioskoa bota eta beste bat eraikitzea pelotaleku ondoan, atzekaldean pelotalekura begira harmailak dituena; Tiloseta erdian plaza bat sortzea ikuskizunetarako eta horretarako zuhaitz batzuk botatzea.