‘Kastillako dorreak’: 140 hernaniar lanean jarri dituen antzezlana

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 18a, 03:00

Tangokaren arrakastaren ondotik, Kastillako Dorreak antzezlana prestatu du Kantuz Abesbatzak eta hernaniar saila ari da entsaiotan eta lanean. Javier Zubimendik egindako gidoia da eta berak, Txaro Unzilla dantza garaikideko zuzendariak eta Ainhoa Pineda zuzendari eszenikoak azaldu zituzten atzo prentsaurrean antzezlanaren nondik norakoak. Hiru emanaldi dituzte egitekoak Biterin: apirilaren 25, 26 eta 27an, arratsaldeko 19:45etan. Antzezlanak hiru espazio batzen ditu, Pinedak prentsaurrean esan zuenez: ziegako eszenak, aktoreek egingo dituztenak; presoaren fantasia izango direnak (hemen azalduko dira dantza, kanta eta bestelakoak); eta pantailan jarriko dituzten irudi errealak. Hiru espazioekin bat egitea izan da erronka eta lortu dute ´publikoak denak bat bezala ikusi ahal izatea`.

Tiranoaren aurka egin duen presoa
Kastillako Dorreak antzezlanak tiranoaren aurka egin duen presoaren historia kontatzen du. Tiranoak ez du nahikoa erasotzailea kartzelan ikustearekin eta ero bihurtzera kondenatzen du. Hogei urte daramazki isolatuta ziega batean erasotzaileak eta hilero argazki bat ateratzen diote, zoratze bidean egindako aurrerapenak ikusi ahal izateko. Erotzeko zorian dagoenean, ordea, zerbait gertatuko da... Antzezlanaren izenburuaren inguruan zera esan zuen Zubimendik, garai batean, Kastillako katedralak zirela edifizio haundienak; oraintxe arte edifizio finantzieroak; eta orain espetxeak direla dorrerik haundienak. Lipus eta Aranbarri Antzezlaneko bi protagonista nagusiak Ander Lipus eta Iñigo Aranbarri antzezleak izango dira: urte asko espetxean daramazkien presoa eta sartu berri duten presoa. Hauekin batean herriko 140 lagun ari dira antzezlan honetan lanean: kantariak direla, musikariak, dantzariak, zuzendariak eta abar luze bat. Hauetatik berrogeita bosten bat aterako dira zuzeneko emanaldian eta gainerako ehun inguruak bideoan-eta hartu dute parte. Dagoeneko 13 entsaio eginak dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!