Aberri Eguna ospatu zen atzo Hernanin eta jende ugari bildu zen bertara, Udalbiltzak deitutako ekitaldira. Bertsolariek eman zioten hasiera ekitaldiari; ondoren dantzariak agurra dantzatu zuten eta azkenik Udalbiltzaren izenean idatzi bat irakurri zuten. Bukaeran pintxoak eta sagardoa izan zituzten plazara inguratu ziren guztiek.
´Eskubide guztiak guztientzat`
Ekitaldian, azpimarratu zuten itxaropen haundiko momentuan gaudela, eta ez dagoela alferrik pasatzen uzterik. Salatu zuten oraindik Euskal Herriari eta euskal herritarrei zaizkiela eskubideak ez aitortzen eta ez bermatzen, eta orain dagoela aukera egokia hori lortzeko: ´gatazkaren gakoa hor baitago`.
Udalbiltzaren konpromisoa
Udalbiltzak idatzian zioenez, iritsi da momentua Udalbiltza sortu zeneko garaira itzuli eta ´nazio eremu demokratiko bihurtzeko: hiru miloi herritarrek 685 herritan hautatu dituzten 6.756 udal hautetsien nazio gune, hain zuzen ere`. Bide horretan lan egiteko asmoa azaldu zuen Udalbiltzak atzoko ekitaldian.
Alde guztien garrantzia
Egoera politiko berriari indarra eman ahal izateko alde guztien parte hartzea behar beharrezkoa dela azpimarratu zuten atzo. ´Euskal herritarrena; Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalena; herri gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituzten bi estatuena; eta Europako eta munduko gainerako nazio eta estatuena`.
´Deialdiak arrakasta`
Antolatzaileak gustora zeuden, aurtengo Aberri Eguna aspaldiko jendetsuena izan baita.