«Jende gutxi ikusten da biniloekin musika jartzen eta gutxiago punk-a»

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 16a, 03:00

‘DJ Bifull’ topatu genuen ostiral arratsaldean Orkolagako Anboto tabernara pote bat hartzera joan ginenean. Bere aurreneko saioa izaki, ‘esklusibaren’ morboari ezin eutsi eta galdera pare bat egin genizkion.

Gutxitan ikusten da musika jartzaile bat biniloekin musika nahasten. CDek eta ordenagailuek ordezkatu dituzte kasu askotan tramankulu zahar hauek, alde batera eta bestera mugitzeko hain praktikoak ez direnak eta erabiltzen hain errazak ez direnak. Ez da hori DJ Bifull, Iban Lasurtegi, hernaniarraren kasua. Orratza diskoaren gainean jarri eta abestiak bata bestearen atzetik ahalik eta txukunen nahasten topatu baitugu Orkolagako Anboto tabernan. Punk estiloko musikarekin hasi zuen saioa. Sex Pistols talde mitikoaren Nevermind the bollocks, MCD taldearen Jodete, The Exploiteden Punks not dead diskoak aukeratu ditu DJ Bifull-ek bere binilo kolekzioko altxorrengatik galdetuta. Inguruan jende gehiegi ez, baina, punk musikaren maitale inkondizionalak bildu zituen. Aurreneko saioa izateko nahikoa, baina hurregoan gehiago.

Musika elektronikoa ere bai

Punka pintxatzen duela eta hori ez dela asko ikusten komentatu diogunean, berehala zuzendu digu DJ Bifull-ek. Punkarekin ez dela pintxatzen esan digu, pintxatu musika elektronikoa pintxatzen dela azaldu du, eta bazter batean zuen musika elektronikoko binilo montoa erakutsi digu. Harrituta geratu gara, ez genuen espero punka eta technoa saio berean entzungo genituenik. Musika elektronikoaren mundua hain zabala izanda, zein estilo pintxatzen (orain bai) duen galdetu diogu, eta technoa, elektro eta minimal estiloak aipatu ditu. Ea ba, aurreneko saio honek segidarik baduen nonbaiten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!