ASTEARTEAN deklaratu zuen Elena Belokik Auzitegi Nazionalean, 18/98 sumarioaren epaiketan eta Hernaniko Kronikak berarekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo. Beloki Xaki atalaren barruan ari dira epaitzen eta akusazioak 15 urteko kartzela zigorra eskatzen du beretzat. Atal hori da hain zuzen 18/98 sumarioaren barruan deklarazio fasean dagoen azken atala, segidan lekukoen deklarazioak jasotzen hasiko baitira. Elena Belokik HBko nazioarteko batzordean egindako lana azaldu zuen asteartean epailearen aurrean. Besteak beste, Nazio Batuetan, Europar Batasunean, gobernu eta alderdi politiko ezberdinekin egindako lana azaldu zuen, Kronikari azaldu dionez. Funtsean, erakunde hauetan azaldu zuten Euskal Herria 5 administrazio ezberdinetan zatituta dagoela eta bertako gatazka, politikoa izanda, irtenbideak politikoa behar duela izan. Gatazkaren konponbidearen giltza autodeterminazioa eskubidea dela ere azaldu zuten.
´Sostengatu ezin dena sostengatzen ari dira`
Elena Belokik Kronikari azaldu dio epaiketa honekin sostengatu ezin dena sostengazen saiatzen ari direla, ´zaila egiten baitzaie akusazioa delitua dela frogatzea` dio. Aipatu du baita ere Nekane Txapartegi eta Mikel Egibarrek torturapean egindako deklaraziotean oinarrituta akusatu dituztela. Tortura hauek Amnistia Internazionaletako txostenetan daude jasota. Epaiketa bertan behera gelditzea ETAren su etenak ireki duen marko politiko berrian epaiketa hauek zein leku duten galdetuta, Elena Belokik dio, hasieratik eskatu dutela epaiketa hau bertan behera geldi- tzea: ´eta orain gehiago, izan ere Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzerako garaian aktore guztiek hartu behar dugu parte. Guk ere bertan izan behar dugu. Aukera politiko bat ari dira epaitzen` gehitu du.
Ondorio pertsonalak eta ekonomikoak
Prozesu hau azaroaren 21ean hasi zuten eta ordutik astero Madrila joan beharra dutela azaldu du Belokik: ´sekulako kostu pertsonal eta ekonomikoa sortu du, milioietaz hitz egiten ari gara`.
Beste hainbat deklarazio
Xaki sumarioaren barruan Belokirekin batean asteartean deklaratu zuten, Mikel Egibar eta Joxe Mari Olarrak. Atzo Mikel Korta, Jose Ramon Antxia, Nekane Txapartegi eta Miriam Canposek deklaratu zuten. Jokin Gorostidik astelehenean deklaratuko du gaisotasuna dela-eta. Ekin atalean inputatutako David Sotok ere astelehenean deklaratuko du, gaisotasuna medio atzeratu baitzuten eguna
Iñigo Elkoro hernaniarra, Xaki sumarioan sartuta dago eta 18/98 sumariotik kanpo utzi dute. Izan ere, gaisotasuna zela eta 3 hilabeterako baja aurreikusi zuten. Prozesua hilabetez geldiarazi ezkero hasieratik hasi beharko litzatekeela-eta, epaileak erabaki du bera bakarrik sumariotik kanpo epaitzea.
Iñaki Zapiain hernaniarrak Egin atalean deklaratu zuen.