Mendiriz Mendi elkarteak pirineoetara antolatu du apirileko azken asteburu luzeko irteera, Malade-tara. Maladeta tontorra Aneto tontorraren ondoan dago, eta pirineoetako altuenetako bat da 3308 metrorekin. Irteera oinez edo trabesiako eskiekin egin liteke eta elurretarako materiala ezinbestekoa da: kranpoiak eta pioleta (Mendiriz Mendin alokatu litezke). Hiru egunetakoa da ibilbide guztia: lehen egunean Renclusako aterpetxera joan; bigarren egunean tontorra igo eta Renclusara bueltatu; eta hirugarrenean, aterpetxetik behera.
Pirineo altuan barrena
Maladeta, izen bereko mendi taldean dago eta bera eta Aneto dira bi tontorrik ezagunenak, 3308 eta 3.404 metroko altuerarekin. Benasquetik begiratuta Maladetak gailurrik altuena ematen du, nahiz eta horrela izan ez: Maladeta mendi multzoko seigarren tontorrik altuena da Maladeta. Igoera interesgarria du mendi ezagun honek, lehenik Benasqueko bailara guztia zeharkatu behar baita eta segidan Pirineoan geratzen den glaziar haundienetako batean gora igo.
Hiru egunetako irteera
Irteera hiru egunetakoa izango da, apirilaren 29tik maiatzaren 1era: Larunbatean, Benasquerako bidaia egingo dugu autobusean: Iruñara A-15ean joan eta Iruñean Huescara doan N-240 nazionala hartuta. Huescatik Barbastrora jo eta hemen Benasquerako bidea hartu. Autoan 5 bat orduko bidaia. Autobusak Hospital de Benasquen utziko gaitu Hernani eta inguruko mendizaleak eta Plan d’Éstan bailara pasa beharko dugu, La Besurtara arte (1.893 metro), oinez edo eski gainean (nahiko elurrik bada). Hemendik La Renclusa aterpetxera igoko gara (2.140 metro). Lehen eguneko ibilia 2 eta 3 ordu bitartekoa da, elurraren arabera. Igandean, goiztar ibiliko gara mendizaleak eta eguraldia lagun, goruntz abiatuko gara. Gailurra bistan dela egingo dugu gora, ipar bizkarra ezkerretara utzita. Portillon inferior (2.400 eta 1:30 ordu) eta Portillon superiorrera (2.800 metro eta 2:45 ordu) dijoazen bideak ezkerretara utzita, Maladetako glaziarrean egin behar dira azken pausoak, gailurraren azpikaldera arte (3.200 metro, 4 ordu). Tontorrerako bide bakarra dago: Collado de la Rimayaren ezkerretara eta harri bloke bitxi baten alboan dagoen elur kanala. Kanalak 50-70 metroko desnibela du eta malda haundikoa da (elur kopuruaren arabera 40º eta 50º artekoa). Kanala pasata, gailurrerako azken metroak ez dute zailtasun haundirik. Desnibela ia 1.200 metrokoa da eta igoeran 4-5 ordu behar dira gutxienez. Hala ere, udaberriko garai honetan, udaran baino errazagoa da bidea, udaran elurrik ez dela bidea harri artean egin behar baita. Eskiekin igotzen direnek kanalaren oinarritik aterperainoko tartea eski gainean jaitsiko dute, eskiatzeko tarte zabal eta basati batean. Jaitsiera motza eta agian motzegia gertatuko zaie, oinez igo direnek aterpe-txeko epelera artean 2 orduko jaitsiera izango duten arren. Astelehenean, Renclusatik Hospital de Benasquera arteko bidea egingo dugu berriz, autobusa hartu eta Hernanira bueltatzeko.
Datu Interesgarriak
- Distantzia: 19 kilometro, hiru egunetan
- Denbora: Lehen eta azken egunean 3 bat ordu; bigarrenean, 6-7 ordu.
- Desnibela: 1.500 metro
- Gailurraren altuera: 3.308 metro.
- Zailtasuna: Haundia.
- Beharrezko materiala: Kranpoiak, pioleta, eta negurako material egokia (botak, anoraka, eskularruak...) eta eguzkitarako babesak (betaurrekoak, krema, ezpainetarako babesa...)
- Mendiriz Mendik Apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 1ean egingo du irteera eta izen ematea datozen asteetan egin behar da Mendiriz Mendin bertan.