Joan den igandean jokatu zen Adarramendiko proba eta izan zen hernaniarrik goiko muturrean. Unai Santamariak bosgarren bukatu zuen proba, 1:05:17ko denborarekin eta Zinka Ionut Alin irabazlearengandik 3 minutu eta 6 segundotara. Unai Santamariaz gain Ismael Mateo, Xabier Santa Kruz, Xabier Iradi, Iñaki Eizmendi, Patxi Erroizenea eta Mikel Astizek ere hartu zuten parte proban. Proba Urnietako plazatik irten, Adarra puntara igo eta Urnietako plazan bukatzen da eta deskantsu haundirik gabeko aldapa du bide gehientsuenean. 14 kilometro ditu eta oso azkarra izaten da, parte hartzaileen hitzetan.
Bigarren aldia
Santamariak berak Kronikari esan dionez, orain zazpi urte hartu zuen parte lehen aldiz Adarrako igoeran eta aurtengoa izan du bigarrena. Iaz hasi zen mendi lasterketetan parte hartzen eta oso emaitza onak izan zituen probarik gehienetan; Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatzen duen Euskadiko Kopan hirugarren bukatu zuen.
Hiru proba Euskadiko Kopan
Euskal Herrian mendi lasterketa proba asko dira eta afizioak ere gora egin du nabarmen azken urteetan. Hernanitik parte hartzen dutenak geroz eta gehiago dira eta emaitza onak ere lortzen dituzte. Adibide modura iazko Euskadiko Kopa dago. Iaz hiru probetako emaitzak hartzen ziren kontuan Euskadiko Koparako: Aloñako igoera, Lakuntzakoa eta Baigorrikoa. Unai Santamariak 13garren, 12garren eta 17garren postuetan bukatu zituen probak eta Euskadiko Kopan hirugarren egin zuen, ohorezko postuetan. Mendi lasterketetan iaz hasi eta goiko postuetan ibili zen Santamaria; aurten ´gutxiago entrenatu arren hobeto` omen dabil, prestatzaile baten aginduetara. Aurten zein probatan hartuko duen parte ez dauka oso garbi hernaniar kirolariak, eta probak etorri ahala erabakiko du.
Artola, 5garren beteranoa
Iaz ondo ibili zen beste hernaniarretako bat Patxi Artola izan zen, eta Euskadiko Kopan 5garren egin zuen Beteranoetan. Aloñako igoeran 133garren izan zen (24garren beteranoetan); Lakuntzan, 121garren egin zuen (31garren beteranoetan); eta Baigorriko proba gogorrean 47garren (17garren beteranoetan). Iaz 7 mendi lasterketa egin zituela kontatu dio Kronikari eta lesio batek hilabete geldirik eduki arazi badu ere, berriz gogotik ari da entrenatzen, Berako proba eta Aizkorrirako, besteak beste.
Aurten 5 proba
Euskal Herrian izango diren mendi lasterketetatik, 5ek puntuatuko dute aurten Euskadiko Koparako; iaz baino 2 gehiagok:
- Berako Mendi Maratoi erdia (2006-04-23) Luzera: 21,097 kilometro. Desnibela: 2.325 metro.
- Aloñako II. Igoera (2006-04-30) Luzera: 16,5 kilometro. Desnibela: 2.016 metro.
- Pagoeta Mendi Lasterketa (2006-06-04) Luzera: 15 kilometro. Desnibela: 1.468 metro.
- Galarleiz mendi maratoia (2006-07-23) Luzera: 42,195 kilometro Desnibela: 3.501 metro.
- Euskal Endurance Baigorriko proba (2006-09-23) Luzera: 67 kilometro. Desnibela: 3.700 metro.
Apirilaren 23an Beran eta Aizkorrikoa maiatzean
Euskal Herrian mendi lasterketa asko izaten dira eta hurrengoa Berakoa izango da, gaur zortzi, apirilaren 23an. 21 kilometro eta 2.420 metroko desnibela ditu probak eta lau hernaniar daude izena emanda www.zalain.com/kross web orrian ikusi litekeenez: Unai Santamaria, Patxi Artola, Agurtzane Auzmendi eta Xabier Santa Kruz. Hurrengo proba, berriz, Aloña Mendikoa izango da hilaren 30ean eta Zegama-Aizkorri mendi maratoi famatua maiatzaren 28an izango da. Izena jende askok eman ohi du Zegamatik Aizkorrikorako eta zozketa egiten dute parte hartzaileak aukeratzeko: Hernanitik Patxi Artola eta Xabier Santa Kruzi behintzat tokatu zaie.