Buruz buru, kantxa osora

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 16a, 03:00

Oier Mendizabalek Bigarren mailako buruz buruko txapelketan debutatuko du gaur Arbizuren kontra, Tolosan, 17:00etan hasiko den jaialdian. Beste partiduak: Olaizola I/Leitza, txapelketakoa, eta Koka-Eskudero/Esain-Rai.

Oier Mendizabal (1983) Bigarren mailako buruz buruko txapelketan sartuko da gaur, Asegarce enpresa barrukoan. Final laurdenetako partidua izango da eta profesionaletan aurreneko aldia du kantxa osoan buruz buru jokatzen duela. Oier Mendizabalekin batean, Julen Retegi, Arretxe II eta Beloki IIa sartuko dira fase honetan. Mendizabalek Arturo Arbizuren kontra jokatuko du Tolosako Beotibarren. Hernaniko atzelariak ez du bere burua inoiz probatu kantxa osoan manomanoko partidu batean eta inkognita horrekin aterako da gaur kantxara: «Aurrenekoa da eta ikusiko dugu nola ateratzen den. Hor zu bakarrik zaude eta asko aldatzen da gauza». Entrenamendu fuerte batzuk eginda joango da Mendizabal gaurko partidura. Pelotari onenekin zenbait lan saio eginda. Materiala, berriz, enpresak berak jartzen du. Normalean, aukera ona izaten omen da.

Arbizu: aurrelari ona eta atzera asko jotzen duena

Atzelari hernaniarrak (1,82 m, 85 kg) Arturo Arbizu izango du gaur kontrario, 33 urteko aurrelari iruñarra, 1,84 metroko altura eta 87 kiloko mutila. Mendizabalen hitzetan, eskarmentu haundiko pelotaria da, aurrean oso ondo moldatzen dena, eta atzera ere fuerte jotzen diona. «Ni saiatuko naiz atzean eduki arazten eta berak sakatzen duenean pelota kentzen». Kronikari aitortu dioenez, txapelketa gogoz hartu du Mendizabal IIak eta sasoi puntu onean dago. Badaki Bigarren mailako buruz burukoa oso txapelketa garrantzitsua dela eta irabazten duenaren saria izaten dela hurrengo urtean lehen mailakoa jokatzea. Baina, hernaniarra ez dijoa kezka horiekin itsututa. Kronikari adieraziaren arabera, lasai dijoa, txapelketari neurria hartzera eta ikastera.

Julen Retegi edo Eguskitza

Oier Mendizabal eta Arturo Arbizuren arteko partidua irabazten duena Asegarceko semifinaletan sartuko da. Han, Julen Retegi eta Andoni Eguzkitzaren arteko irabazlearen kontra jokatuko du, apirilaren 30ean.

 

57 partidu jokatu eta 32 irabazi, % 56

Oier Mendizabalek iazko ekainean debutatu zuen profesionaletan Zarauzko Arizbatalde frontoian, eta geroztik ia asteburuero jokatu ditu partiduak. Datuek zerbait esaten dute hernaniarraren alde. Denera, 57 partidu jokatu ditu eta 32 irabazi, ia bostetik hiru. Tartean, binaka txapeldunorde gelditu zen, Gabonetako Izar Berrien Torneoan.

Ia denekin jokatu du

Hamar hilabeteotan, Hernaniko atzelariak Asegarceko ia aurrelari denekin jokatu du, txapeldunetik hasita: Aimar Olaizolarekin (Hernanin), Asier Olaizolarekin, Oñatz Bengoetxearekin, Iñigo Leitzarekin... Asegarce enpresak bere enpresako pelotarien ranking partikularra du eta Oier Mendizabal 27garren postutik 12garrenera igo da iazko denboralditik aurtengora. Profesionaletako debut urtearekin gustora dago Mendizabal IIa eta dio urte osoan eta partiduak jokatu ahala esperientzia eta patxada irabazi dituela. Aitortu du zaila dela urte osoan sasoi puntu onenean eta kolpearekin egotea. Aurrera begira ere serio lanean jarraitzeko asmoa du. «Gorputza egin behar zait eta pelotari gisa egin beharra daukat oraindik» dio Oier Mendizabalek. Mendizabalek pelota profesionala eta lana uztartzen ditu.

  • Debutean, neurria hartzera «Profesionaletan nere aurreneko partidua da buruz buru frontoi osoan. Entrenamenduetan proba batzuk egin ditut eta gustora nago. Eguna noiz zen esan zidatenean, tripan halako zera bat sentitu nuen, baina, ez daukat presio berezirik, ikastera nijoa».
  • Arbizu: eskarmentuko aurrelaria Oier Mendizabalek Arbizuren kontra jokatuko du. Arbizu eskarmentu haundiko pelotaria da eta aurrean kualitate onak ditu. Atzera ere oso ondo ematen dio.
  • Pelota kendu eta atzean eutsi «Saiatuko naiz berak sakatzean errestoan pelota kentzen, eta peloteoan bera atzean eduki arazten. Hori izango da nere arma».
  • Lehen mailara, koska Oier Mendizabal lehen mailako buruz burukoan noiz ikusiko dugun galdetuta, hernaniarrak garbi erantzun du: «koska izugarria dago. Hori beste gauza bat da. Galdera ez da lehen mailan noizko. Noizbait iristen banaiz, gustora».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!