Gurutz-bidean jendetza berriz ere, Santa Barbarako aldapetan gora

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 16a, 03:00

´Barkatzeko gaitasuna` azpimarratu zuen Don Manuel Apaizak Ostiral Santuko Gurutz-bidean

GOIZEKO 08:30etan jende asko zegoen bilduta Axala inguruan, urteroko Gurutz-bidea egiteko Santa Barbara tontorrera. Urtero bezala, jendetza bildu zen, gurutzearen atzetik, apaizaren errezoak eta gogoetak entzun eta Jesusek iltzatuta hil zuten gurutzera egindako bidea gogoratzeko.

´Jesus ongile izan zen, baina gaizkile bezala kondenatu zuten`

Geldialdi bakoitzean Jesusek pasatako sufrimenduak aipatu zituen Bikarioak, baina bide batez, gogoeta egin eta Jesusen jokabidea eredu gisa jarri zuen Don Manuelek. Bigarren geldialdian, esaterako, esan zuen: ´Jesus ongile izan zen, baina gaizkile bezala kondenatu zuten`, eta gaineratu zuen bizitzan ´erraza den lekutik` jotzen dugula askotan, baina Jesus bidegurutzera joan zela ´hala nahi zuelako eta Jainkoa maite zuelako`. Zazpigarren geldialdian berriz Nazareteko semeak ´sufrimenduak eta tentaldiak` nola pasatu behar izan zituen azaldu zuen hizlariak eta adierazi zuen ´boterearen bidez eraginkorrak izan nahi dugun honetan` Jainkoa erangikorra izan zela ´lurretik arrastaka ibiliaz`. Zortzigarren geldialdian , sufritzen duenaren ondoan beste norbait negarrez badago, ´bada zeru izpirik lurrean` azaldu zuen.

Munduaren erdiak beste erdia lur jota dauka

Hamargarren geldialdian, Elutxetako bidegurutze inguruan, Jesus nola biluztu zuten kontatu zuen Apaizak eta esan zuen ´munduaren erdia bilutzik` dagoela beste erdiagatik: ´Munduaren erdiak beste erdia lur jota dauka, honela pentsatzen dugu mundua konpontzea?` galdetu zuen Odriozolak.

Barkatzeko gaitasuna

Jesus gurutzean hiltzen den momentua gogoratu nahi du XIIgarren geldialdiak, Sta. Barbarako gotorlekuaren oinean. Bertan adierazi zituen Don Manuel apaizak Gurutz-bideko hitzik hunkigarrienak. Azaldu zuen Jesusen azkeneko hitzak ´barkamen hitzak` izan zirela eta barkatzen ez dakien herria ´koldarra, zekena, disekatua eta elegantzi gutxikoa dela` epaitu zuen. Bukatzeko, bakearen kantua entzun aurretik, honako hitzak egin zituen Manuel Odriozolak: ´Santa Barbara tontorretik, Hernani eta Euskadi guztiari begira, berritu dezagun barkatzaile eta bakegile izateko asmoa`. Hamalaugarren geldialdiarekin amaitu zen Gurutz-bidea eta apaizak eskerroneko hitzak izan zituen bertaratu ziren guztientzat eta laguntzeko prest azaldu ziren guztientzat. Aleluya abestia entzun zuten ondoren guztiek.

 

Meza Nagusia gaur, Pazko Igandez

Goizeko Gurutz-bideaz gain, Ostiral Santuan pasio ospakizunak izan ziren, arratsalde partean, Hernaniko parrokietan: Ereñotzuko San Antonio elizan, San Joan Bataiatzailean eta Floridako San Josen. Atzo berriz, larunbata, Bigilia eguna izan zen.

Meza Nagusia hiru parrokietan Gaur, Pazko Igandea, bukatuko dituzte fededunek Aste Santuko ospakizun erlijiosoak, Jesusen Pizkundea ospatzeko meza nagusiarekin. Goiztiarrenak Ereñotzun izango dira, San Antonio parrokian 10:30etan izango baita meza; San Joan Bataiatzailean 11:00etan dute hitzordua eta San Jose parrokian berriz, eguerdiko 12:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!