Aberri Eguna ospatuko du Udalbiltzak gaur Gudarien plazan

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 16a, 03:00

Ekitaldia Gudarien plazan izango da, eguerdiko 13:00etan. Horren aurretik EHNA tramitatzen arituko dira. Alderdi eta erakundeek Euskal Herri osoan ospatuko dute Aberri Eguna.

GAUR Aberri Eguna, ekitaldi politikoa izango da Hernanin, Udalbiltzak antolatuta, azken urteetan egiten den moduan. Ekitaldia eguerdiko 13:00etan hasiko da eta antolatzaileek azaldu dutenez ´ekitaldi xumea` izango da. Aurretik EHNA tramitatzen arituko dira, 12:00etatik aurrera (errolda agiria, 3 argazki eta 15 euro eramatea beharrezkoa da horretarako) eta horren ondoren izango da ekitaldi politikoa, Udaletxe aurrean. Bai Euskal Herriari ekimenak parte hartzeko deia egin du Bai Euskal Herriarik prentsa oharra helarazi du Aberri Eguna dela-eta. Bertan, bat egiten du herriz herri egingo diren ekitaldiekin eta baita Udalbiltzak arratsaldeko 18:00etan Iruñeako Anaitasuna pabiloian egingo duen ekitaldiarekin ere. Horretaz gain, Bai Euskal Herriarik dei egin die, prentsa ohar horren bidez, herritar guztiei ekitaldi horietan parte hartzeko: ´Dei ozen bat luzatu nahi diogu euskal jendarteari, Euskal Herriari dagozkion eskubideak aitortzeko eta euskal herritarron naziotasuna eskuratu eta praktikan jartzeko`, dio prensa oharrak. Bukatzeko, ekimen honetako arduradunek eskatu dute bakoitzaren etxeko atari eta balkoietan ikurriñak jartzeko gaurko egunez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!