Aberri egun bateratzailea ETAren su eten iraunkorrak itxaropenaren atea ireki du. Hasteko, indarkeriaren adierazpen ezberdin eta zentzugabekoak pairatu dutenen itxaropena; bide batez, berezkoak zaizkion arazoak gailentzeko, elkarrizketaren bidezko irtenbide demokratikoak ase dituen euskal gizartearen itxaropena; eta, bereziki, Euskal Herriaren aitorpena, berorren aske erabakitzeko ahalmena, eta zazpi herrialdetako erkidego sozio-linguistiko eta kulturalaren ezinbesteko errealitate politiko eta identitario anitza aintzat hartuz, denboran zehar euskal ezkerraren batasunarekin amets egin dugunon itxaropena ere. Abian den prozesuak, indarkeriarik gabeko etorkizunerantz eraman behar gaitu, esparru politiko integratzaileen bidean, gure herriaren aitorpenaren ildoan, non ezker eraldatzaileak gehiengo politiko eta soziala arrakastaz irabaz dezakeen Euskal Herri osoan. Une historiko honetan, EZKER BATUA Berdeak taldeko Batzen korrontea osatzen dugunok, honako manifestu hau sinatzera gatoz, martxoaren 22an aurrera egindako elkarrizketa politikoaren prozesua bultzatzeko asmo apalaz; adostuko diren lanabes politikoak onartuz, salbuespenik gabeko giza eskubide guztien defentsan, gatazkaren humanizazioarekin erabat konbentzituta, eta, ondorioz, era bateko zein besteko biktimen erreparazioa, kartzeletako egoera, presoen gerturatzea eta kaleratze progresiboa gogoan hartuz. Abian den prozesu politikoak, halaber, EAE, NFE, eta, kasua bada, Iparraldeko gizarteek, beren etorkizuna aske erabakitzeko ahalmena praktikan bideratzeko eskubidearen bide oztopatu eta korapilatsutik gidatu beharko gaitu. Salbuespenik gabe. Inposaketarik gabe. Gure egiten dugun aberri egunaren ospakizunean, beraz, Bigarren Errepublikaren 75. urteurren ahaztezinari eutsiz eta Hirugarrenaren hodeiertzari begirada etengabean, Euskal Herriko emakume eta gizonen arteko topagunea, elkarrizketa demokratikoa, akordio anitza eta behar besteko kontsultak praktikan bideratu ahal izatea aldarrikatu nahi dugu, muga bakarra, herriaren borondatea izanik. Guztira, eta Estatuko beste zenbait nazio anitzetan gertatzen den bezala, aberri egun bateratu eta bateratzailea ospatuko dugun eguna urrun ez dagoelakoan, errealitate politiko eta identitario ezberdinen gainetik.
Jesus Uzkudun, Carmen Garcia, Ander Rodriguez Lejarza, Begoña Vesga, Arturo Muñoz, Martin Calvo, Iñaki Saldaña, Rikardo Ortega, Roberto de Gracia, Iñaki Garcia eta Pablo Aretxabala.
Batzen-Ezker Batua berdeak